Pello Eizagirre: "Negozio bat denez, mimoz zaindu behar da"

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 18a, 09:42

Eizagirrek etxe turistikoa dauka Azpeitiko Alde Zaharrean. Duela lau urte hasi zen epe motzetarako alokatzen, eta ondo doakio, gehienean etxea beteta izaten du. Errentagarritasunaren aldetik, urte osorako alokatzeak baino diru gehiago ematen duela dio, baina lana ere askoz handiagoa dela. Asko saiatzen da zerbitzua eta irudia zaintzen

Eusko Jaurlaritzaren erregistroaren arabera, zazpi etxebizitza turistiko daude Azpeitian, eta horietako bat da Pello Eizagirrerena. Alde Zaharrean du etxea, eta badira lau bat urte turistei alokatzen hasi zela. "Aurretik, herriko saskibaloi taldeko jokalariei alokatzen nien, denboraldia igarotzeko. Haiek, ordea, martxoaren bukaeran uzten zuten etxea eta abuztu erdialdera arte ez ziren bueltatzen. Horregatik, etxea libre zegoen hilabete horietan turistei alokatzea erabaki nuen". Lehengusu batek gomendatuta hasi zen. "Hark bazuen esperientzia. Etxe berria erosi zuenean, lehendik zeukana turistei alokatzen hasi zen, eta oso ondo zihoakiola esan zidan. Probatzea pentsatu nuen".

Airbnb plataforman iragarri zuen, eta "primeran" joan zitzaiola esan du; "ia uda guztia alokatuta izan nuen". Hurrengo denboraldian ere saskibaloi jokalariak izan zituen etxean, baina hurrengo udatik aurrera, urte guztian turistei alokatzeko erabaki hartu zuen. Eta harrituta gelditu zen: "Udan ez ezik, neguan ere oso ondo funtzionatzen du; egoten dira mugimendu gutxiagoko aldiak, baina gehienean norbait izaten dut".

Negu partean etxea alokatzen dutenetako asko langileak izaten direla dio, herriko lantegietara etortzen direnak, komertzialak eta abar. "Gehienak bi edo hiru egunerako etortzen dira, baina izaten ditugu hilabeterako etortzen direnak ere". Dena dela, turistak ere izaten ditu, "badelako uda sasoitik kanpo bidaiatzen duen jendea ere". Udan, berriz, denetariko jendea hartzen du: "Nazioarteko zein penintsulako turistak eta pasarako bidaiariak ere dezente, Portugaldik Europa iparraldera doazenak eta horrelakoak". Iaz, hala ere, aldaketa antzeman zuen bisitarien profilean. "Hamarretik bederatzi penintsulakoak izan ziren, eta aurten ere hala izango dela ematen du, dagoeneko ia uda guztia beteta baitaukat, egun solte batzuk salbu".

Bezerorik ohikoenak familiak izaten ditu, baina gazte taldeak ere etorri izan zaizkiola aitortu du. "Denok izan gara gazteak eta kontua ez da haiei ateak ixtea ere. Etxean arau batzuk daude, eta zahar ala gazte, denek errespetatu behar izaten dituzte". Zentzu horretan, bizilagunekin aparteko arazorik ez duela izan esan du.

Hotel batera joan beharrean bere etxea zergatik aukeratzen ote duten galdetuta, prezioagatik dela uste du. "Lau kideko familia bati udako denboraldian hemen inguruko hoteletan gaua pasatzea 200 bat euro kosta lekioke; etxebizitza turistiko batean, gutxixeago". Turistek kostako herriren bat beharrean Azpeitia zergatik aukeratzen duten galdetuta, erantzuna bera da: prezioa. "Barrualdeko herria izanik, prezioak kostaldekoak baino merkeagoak dira, baina ordubetean Euskal Herriko leku turistiko ia denetara iristeko aukera daukagu". Dena dela, lasaitasun bila datozenak ere izaten direla esan du. "Mediterraneoko kostaldetik datozenak-eta ez dira hondartza bila etorri ohi, etxean nahiko hondartza badutelako. Bestelako planak nahi izaten dituzte askok, herriak eskaintzen dizkien aukerez gozatzea".

Askotariko lanak

Eizagirre "oso gustura" dago orain arteko esperientziarekin. "Lana eskatzen du, baina diru iturri bat ere bada". Askotariko zereginak egin behar izaten dituela azaldu du: "Erreserbak kudeatzeaz arduratu behar izaten dut, plataformetako irudia zaintzeaz, etxea beti txukun izateaz, etxera datozen turistei harrera egiteaz, behar duten informazioa emateaz... Batzuk zer egin nahi duten erabakita etortzen dira, baina beste asko zer egin dezaketen galdezka, eta horiei beren gustuen araberako planak proposatzen ahalegintzen naiz". Whatsapp bidez ordu asko sartzea eskatzen dio horrek. "Hori pixka bat automatizatzea da orain daukadan asmoa, ohiko galderentzat erantzunak prestatuta izatea, ahal den neurrian behintzat".

Plataformetako irudia zaintzeak ere bere lana baduela dio. "Bezeroari ematen zaion zerbitzua bezala, plataformetako irudia ere zaindu egin behar da, bi arrazoigatik. Batetik, alokatzeko etxe bila dabiltzan turistek garrantzi handia ematen dietelako beste bezeroek idatzi dituzten iruzkinei; eta bestetik, plataformek eurek dena hartzen dutelako kontuan zure etxebizitzaren iragarkiari zer leku eman erabakitzeko: bezeroen iritziak, haien zalantzak argitzeko azkartasuna, argazkiak eta abar. Horrek eskatzen du beti adi egotea".

Dena dela, ahaleginak merezi duelakoan dago. "Diruari bakarrik begiratuta, nik uste errentagarriagoa dela etxebizitzari erabilera turistikoa ematea epe luzerako alokatzea baino, baldin eta urteko garai gehienetan etxea beteta edukitzea lortzen baduzu. Hori bai, erosotasunari begiratuz gero, askoz lan gehiago eskatzen du; negozio bat den aldetik, mimoz zaindu behar izaten baita".

Pixkanaka egokitzen

2017an etxea turistei alokatzen hasi zenean, artean gaur egungo araudirik ez zegoen indarrean. "Etxebizitza turistikoei buruzko gutxieneko araudi bat bazegoen, baina gauzak ez zeuden orain bezala araututa. Eusko Jaurlaritzak 2018ko uztailean ezarri zuen lege berria, eta orduan eman nuen izena erregistroan". Udalak ere arautu ditzake etxe turistikoak, baina Azpeitikoak ez dauka araudi espezifikorik. "Baimena eskatu behar izaten zaio, Eusko Jaurlaritzak hala eskatzen duelako, baina besterik ez". Jarduera arautzea beharrezkoa zela uste du, etxejabeari zein maizterrari "babesa eta bermea" eman dizkiolako. "Airbnb eta horrelako plataformetan ere lizentzia zenbakia eskatzen dute, gainera. Plataforma batzuek ez dute behartzen jartzera, baina Jaurlaritzak bai, eta zerbait gertatuko balitz, etxejabea izango litzateke erantzulea, ez plataforma edo salmenta kanala".

Bestelako egokitzapenak ere egin ditu denborarekin. "Adibidez, check-ina aplikazio bidez egiteko aukera dute nire bezeroek, eta aplikazioak berak datu guztiak zuzenean Ertzaintzari bidaltzen dizkio, hotelek egiten duten bezalaxe". Adimendun sarraila ere jarrita dauka. Pandemia hasi aurretik eskatu zuela esan du, eta primeran etorri zaiola, kontaktua saihesteko. "Erosotasunagatik erabaki nuen adimendun sarraila jartzea, etxeko giltzak emateko aurrez aurre gelditu beharra ekiditeko. Aplikazio batekin kode bat sortzen dut, bezeroari helarazten diot, eta kode horrekin zabaltzen ditu portaleko eta etxeko ateak".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide