Lau hamarkada hauetan izan duen ofizioaren inguruan aritzeko, ezinbestekoa da Curielentzat bere gurasoen inguruan ere jardutea, eta bere sustraiak aipatuta hasi nahi izan du elkarrizketa. "Lehenik eta behin, nire gurasoei eskertu nahi diet neu mundura ekarri izana. Eta, gero, baita hemen geratzea ere, eta ez bizitzeko beste leku bat aukeratzea", azaldu du.
“Beti esaten dut hemen fabrikatu nindutela”. 1953ko urriaren 15ean –Curielen arreba jaio zen egun berean– iritsi zen aita Valladolidetik (Gaztela eta Leon, Espainia). “Garai hartan jende asko etortzen zen hona. Migrante asko zegoen, lan asko zegoelako. Fabrikak ez zituen familia guztientzat etxebizitzak, eta bizpahiru familia bizi ziren etxe bakar batean. Gure ama haurdun geratu zen, eta herrira joan behar izan zuen”, dio ile apaintzaileak. Curielen aitak Zumarragako tren geltokian igaro behar izan zuen gaua. Euri jasen ondorioz Urola ibaiak trenbideko zubi guztiak eraitsi zituen, eta tren zerbitzuak bertan behera geratu zirela eta, Arroan geratzea erabaki zuen Curielen aitak.
Valladoliden landa eremuan egiten zuen lan aitak, baina lanaldia bukatu eta etxean jarraitzen zuen lanean, bizargin. Arroa Behera bizargintzarako lan tresnekin iritsi zen, eta prozedura bera jarraitu zuen: Cementos Rezola fabrikan egunez lan; bizargin etxean iluntzean. “Etxean txikitatik ikusi dut aita jendeari ilea mozten. Bere labanak zorroztu eta tresnak garbitzen zituen gauero, hurrengo egunerako garbi edukitzeko. Baserrietako jendea eta fabriketako langileak etortzen ziren maiz. Arroako biztanleen gehiengoa etorkinak ginen, % 90 edo. Gure lehengusu batzuk Aizarnazabalera eta Arroa Goira joan ziren, eta haiek euskara ikasi zuten”, azaldu du Curielek.
Curielek Erribera kaleko ile apaindegian gordeta du oraindik aitak etxean lan egiteko beharrezkoa zuen agiria. Diru zorroan sartzeko moduko neurrikoa, 1960an Sindicato de Actividades de Guipuzcoak izenpetua.
Alondegian zegoen Eskola Profesionalean mekanika ikasketak egin zituen Curielek, baina haurra zenetik garbi zeukan bizartegia zabaldu nahi zuela. Fresatzaile eta tornulari aritu zen gero tailerrean, 16 urterekin. 70eko hamarkadan soldaduskara joan zen Curiel, eta aitaren lan tresnak eraman zituen berarekin. “Zumaian badaude nirekin soldaduskara joan ziren batzuk. Oraindik esaten didate: ‘Zuk gurekin ikasi zenuen ilea mozten, kabroi hori!’"
Hamarkada horretan izan zen krisi ekonomikoak astindu zituen mekanika alorreko enpresa asko, eta soldaduskatik bueltan, Curielek lantoki zuen Zestoako Guztiok bat enpresa ez zen salbuespena izan. Bera izan zen handik alde egiten lehena: “Nik lan egiten nuen enpresan esan ziguten lanean jarraitu nahi ez zuenak uzteko aukera zeukala, eta kalte ordaina jasoko zuela lana bere kabuz utziz gero. 800.000 pezeta eman zizkidaten hiru alditan. Orduan esan nien lankideei Zumaian ile apaindegia zabaldu nahi nuela”.
Langabezian pasatu zituen lehenengo hilabeteak. Gero, Coro Prieto emaztearen estetika zentroan bertan zegoen gela batean jarri zuen ile apaindegia, Maite Astarloa zumaiarrarekin batera: “Zazpi urtez egon nintzen Coro Prietoren lokalean Astarloarekin, eta hau zabaldu nuenean nirekin jarraitu zuen beste urte batzuez. Guztira, ia hogei urtez egin genuen lan elkarrekin. Gero Errioxara joan zen bizitzera”, dio Curielek. Duela berrogei urte orduko alkate Castor Agirrezabalagak sinatutako ile apaindegia zabaltzeko baimena gordeta dauka Curielek.
Lehenengo urteak zalapartatsuak izan ziren ile apaintzailearentzat, Erribera kaleko ile apaindegian lan egin, eta ikastaroetara joaten baitzen gero. “Lanetik atera, eta astean bizpahiru aldiz joaten ginen Bilbora, modelo banarekin. Urtebetez edo egin genuen ikastaro hori. Asko ikasi genuen ile apainketaren inguruan. Gizonezko ile apainketarekin lan asko izan dut Zumaian, baina egiten genituen formakuntzetan emakumezkoei ere ilea mozten genien”, dio. Dena den, “autodidaktatzat” du bere burua, bizargintza bere kabuz eta aitaren bitartez ikasi baitzuen, batik bat, Curielek.
Zumaiara iritsi berritan, Erribera kalean zegoen Luis Mujika ile apaintzailarengana joan zen Curiel: “Esan nion ile apaindegia zabaldu behar nuela, eta aurkeztu egin nintzaion. Uste dut ile apaintzaileok norberak bere negozioan egin behar duela borroka, baina kalean jendeak ikusi behar duela harreman ona dugula. Batek baino gehiagok esan dit erretiroa hartzen dudanean ea erakutsiko diodan bizarra nola moztu, eta ez diet ezezkorik eman”.
Denetariko bezeroak
“Bost belaunaldi ezberdini moztu diet ilea”, dio Curielek. Gogoan du Coro Prietoren lokalean zuen ile apaindegian izan zuen lehen bezeroa: “Inazio Azpeitia izan zen, Agustinen aita. Janari denda bat zuen ondoren Luxia-k [Luis Mari Olasagastik] harategia jarri zuen lokalean”, gogoratu du.
Ile apaindegian gertatutako makina bat istorio akorduan ditu. Horietatik, bereziki bat aipatu nahi izan du: “Enpresari batek eskatu zidan ilea moztea tokatzen zitzaionean deitzeko, eta hala egiten nuen aldian behin. Egun batean deitu, eta 12:00ak aldera etorri zen ile apaindegira. Ilea garbitzen hasi nintzen, eta telefonoak jo zion. Bulegotik deitu zioten, ingeles edo italiar batzuk etorri zirela esanez; toallarekin burua lehortu eta alde egin zuen. Joxe Mari Korta zen, eta handik gutxira hil zuen ETAk. Arroarra zen, nik asko ezagutzen nuen”.
Hasierako urteetan ilea oso ondo orrazteko eta erdiko marra ondo markatzeko eskatzen zieten Curieli; orain, berriz, degradatuak daude modan: “Jendea ez orrazten hasi da, eta ez du marra eraman nahi. Hala ere, denetik egiten dut”. Izan ere, Curielen ustez, garrantzitsua da adineko pertsona bat ile apaindegira joaten bazaio, eta esaterako kopeta ileak edo lepoaldea konpontzea nahi badu, ondo egiten jakitea.
Haurrak ere izaten dira ile apaindegian. Curielek uste du halakotan egin dezakeen onena gurasoei alde egin dezaten eskatzea dela.
Erretiroa hartzear
Erretiro aktiboan dago orain Curiel, eta lokala eskualdatzea gustatuko litzaioke: “Higiezin batean daukat lokala, eta iragarkiak ere jarri ditut dagoeneko. Lehia handia dago, baina ondo lan eginez gero, soldata irabazi dezakezu”. Dena den, Curielek uste du ekintzaile gutxi dagoela gaur egun. “Bere garaian egin nuen nik, eta oso garai txarra zen. Jendeak esaten dit zortea izan nuela, baina ez da horrela. Nik ideia bat neukan, lokal batean hasi nintzen lanean, eta bankuarekin hitzarmena sinatu behar izan nuen. Astelehenetik larunbatera egiten nuen lan”, gogoratu du.
Lokala eskualdatzeko aukerarik ez badu, alokairuan jartzea aukera bat dela dio. Martxoa iritsi aurretik erretiratzea gustatuko litzaioke.
Esker hitzak izan ditu urteotan guztiotan bere ile apaindegira joan direnentzat eta ez direnentzat: “Jendaurrean lan egiten duenak hanka sartu dezake, eta nik uste dut batzuetan sartu dudala nik ere, esan behar ez nuen zerbait esanda edo gehiegi hitz eginda. Barkamena eskatu nahi nioke noizbait minduta edo irainduta sentitu ahal izan den edonori. Eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet etorri direnei, baita etorri ez direnei ere”.
- Adina: 66 urte.
- Ikasketak: Lehen Maila eta Industria Ofizialtza.
- Lanbidea: ile apaintzailea.
- Ile apaintzailea ez banintz… Garbi daukat, ile apaintzailea.
-
Lanetik ateratzean gogoko dut… Ardo pare bat edatea, familiarekin egotea eta atseden hartzea.