Erretratua

Arantxa Aramendi, burua bideratzeko tekniketan aditua

Jabi Gonzalez Toston 2022ko ots. 6a, 09:00

Zer behar dugu gustura egoteko? Zerk egiten digu mesede? Dirudiena baino zailagoa izaten da galdera horiei erantzutea, sarritan. Bada, gure barnera begiratu eta erantzuna aurkitzeko gai izatea da, hain justu, kontrol mentalaren helburu nagusietako bat, Arantxa Aramendiren arabera.

Kontrol mentala metafora baten bitartez azaltzeko, honako hau ere ekarri digu Aramendik: “Burua tximino bat bezalakoa da. Ezin du geldirik egon, egun guztia dabil gora eta behera, eta, zer eginik ez badu, bila arituko da. Hori kudeatzen asmatzea da kontrol mentala; burua gure nahien arabera bideratzen jakitea, zeregin hori kontzienteki ematea, zertan pentsatu behar duen esatea eta egitea. Esan gabe doa kontrolatzen dugun hori geure burua dela, ez besteena”.

40 urte inguru daramatza Aramendik kontrol mentaleko eskolak ematen, baina, bere hitzetan, bera ez da irakaslea; dakiena “partekatu” baino ez du egiten. Ez du inork idealizatzerik nahi, ez delako inor baino gehiago: “Logikoa den bezala, ikastaroa hasi berri duen pertsonak baino gehiago jakingo dut kontrol mentalaren inguruan, baina amaitutakoan, nire maila berean egongo da. Agindutakoa betetzen badu, noski”.

Hala, 8 asteren barruan, erlaxatzeko hainbat teknika barneratu ohi dituzte ikastaroa jasotzen dutenek; izan ere, erlaxazioa ezinbestekoa da burua menperatzeko. Teknika horiek zertarako balio duten eta prozedura nolakoa den azaltzeaz arduratzen da Aramendi. Ikasleek etxean praktikatu beharko dituzte ondoren, eta bigarren zeregin hori izaten da betetzen zailena. Ikastaroko arduradunaren arabera, gutxitan egiten dute. Horregatik, ez du aurreko klaseetan landutakoa errepasatzeko ohiturarik, salbu eta ikasleren batek etxean praktikatu eta zalantzarik baldin badu. Orduan, bai, dituen zalantza horiek argitzen ahaleginduko da.

Klaseei erreparatuta, koaderno bati jarraituta ematen ditu. Bertan ditu jasota kontrol mentaleko teknikak. Klase bakoitzean hiru edo lau atal azalduko dizkie, loa hobetzeko helburua dute batzuek, azterketei begira kontzentrazioa hobetzea beste batzuek, handia da aniztasuna. Hori bai, klase guztiak berdin abiatuko dituzte: kandela bat pizten eta lehen egunean erakutsitako erlaxazio teknikarekin.

Ikastaroak ostegun arratsaldeetan izaten dira Forondan, sei eta erdietatik zortzietara. Doakoak dira, nahiz eta kobratzea proposatu izan dioten. Aramendik argi du, ordea, berak ez duela sosik nahi trukean, borondatez ematen dituela. Ikasle kopurua mugatuta dago, hori bai. 20 pertsonako taldeak izaten zituen lehen eta 13koak orain, pandemia dela eta murriztu egin baitute. Taldea bakarra izan ohi da eta eskainitako plazak bete egiten dira beti. Dena den, kanpoan jende asko geratzen bada, beste talde bat ere antolatzen dute beste data batzuetan.

Kontrol mentalean adituak aitortu digu, halaber, nahiago duela klasetik at ikasleekin harremanik ez izan. Baina egin du salbuespenik: “Hiru ikaslerekin baino ez dut harremana mantendu. Zarauztarra bat, zestoarra beste bat eta zumaiarra hirugarrena. Ikastaroan ezagutu genuen elkar eta tarteka trago batzuk hartzeko biltzen gara”. Aramendik dio ez duela salbuespen gehiago egiteko asmorik; izan ere, hiru nahiko iruditzen zaizkio. Gainera, zenbaki garrantzitsua da kontrol mentalean. 

3 zenbakia

Esan bezala, ikastaroaren lehen egunean azaldutako erlaxazio teknika da erabiliena eta 3 zenbakia ezinbestekoa da. Sinplea da ariketa: lehenik eta behin, eroso ipini beharra dago; jarraian, begiak itxi, arnasa sakon hartu eta buruarekin 3 zenbakia 3 bider irudikatu. Ondoren, gauza bera bi eta bat zenbakiarekin errepikatu beharko da, 3 aldiz beti.

Esan behar da, halere, atzerako kontaketa 3tik hasteko ariketa oinarrizkoa dela. Buruan barrena sakonago iristeko, 25 zenbakitik, 50etik edota 100etik hastea komeni da. Hori bai, atzeraka beti, zeren eta Aramendik azaldu digunez, atzeraka zenbatzeak sakontasunera eramaten du; aldiz, aurreraka egiteak aktibatu egiten du norbanakoa.

Oinarrizko erlaxazio teknikaz gain, hirua oso presente dagoen teknika gehiago ere erakutsi dizkigu. Unibertsitateko edota lan eskaintza bateko azterketen atarian kontzentrazioa eta emaitza hobetzen lagundu dezakeen hiru hatzen teknika, esaterako. Hau ere sinplea oso: bi eskuetako baten lehen hiru hatzen ermamiak elkartzean datza; alegia, hatz lodia, erakuslea eta erdikoa. Hori eginda, burua doitzea lortuko dugu eta ikasitakoa errazago oroituko dugu.

Lehen eskolak

Atzera begira jarrita, kontrol mentalaren berri nola izan zuen ere azaldu digu Aramendik. Lagun bati esker ezagutu zuen. Lagunak Donostian hartzen zituen klaseak eta berak ere izena ematea erabaki zuen, beti erakarri izan dutelako horrelakoek: “Fededuna naiz eta beti sinetsi izan dut barne energietan. Guztiok ikusezina den indar berezia dugula pentsatzen dut eta nirea ateratzen ikasi nahi nuen”. Klaseak hartzen hasita, on egiten ziotela igarri zuen eta pentsatu zuen gertukoekin ere partekatu beharra zuela: “Niri on egiten bazidan, zergatik ez zion onik egingo ingurukoei ere? Gainera, ingurukoak ondo egoteak niri ere mesede egingo zidan. Azken finean, adiskidetasunean bizi nahi dut”.

Hasieran, etxean edo senarrarekin zuen arropa dendan hasi zen klaseak ematen. Alaba eta haren lagunak izan ziren bere lehen ikasleak. Gero, inguruko negozioetako langileei ere eman zizkien kontrol mentaleko eskolak. Forondan, berriz, duela 25 urte hasi zen. Lagun batek proposatu zion eskaera egitea: “Utziko zidatela zioen; nik, ordea, ez nuen itxaropen handirik, baina badaezpada eskaera egin nuen. Lagunak arrazoi azkenean, txoko bat utzi zidaten”.

Erretiroa hartu arte, larunbat goizean ematen zituen klaseak lanarekin uztartu ahal izateko. Gero, ostegun arratsaldeetan, esan bezala. Noiz arte jarraituko duen ez daki. Iaz esaterako, ez zuen ikastarorik eman COVID-19a dela eta. Aurten berriro ekin dio eta datorren urtean taldea berriro osatzeko asmoa badago, animatuko da.

  • Adina: 74
  • Ikasketak: oinarrizkoak, eskola graduatua.
  • Lanbidea: asko izan ditut. Bulegoko mandataria, etxekoandrea eta arropa, bitxi eta etxe saltzailea, besteak beste. Orain erretiratuta nago, baina kontrol mentaleko eskolak ematen jarraitzen dut.
  • Kontrol mentaleko ikastaroaren arduraduna ez banintz... Denetik egin dut, ez nuke beste bat aukeratuko.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Familiarekin egotea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide