Ane Bereziartua: "Oso gogorra izan daiteke amatasuna, zer esanik ez aurretik halako motxila bat baldin baduzu"

Ane Olaizola 2022ko eka. 10a, 13:00

Ane Bereziartua azpeitiarra. (Ane Olaizola)

Ane Bereziartuak erditzean izandako esperientzia jaso du GUKAk erreportaje honetarako.

"2018ko urtarrilaren 3an jaio zen Ibai, eta erditzean jasan nuen indarkeria obstetrikoa. Bezperatik nituen uzkurdurak, eta urtarrilaren 2ko iluntzean ingresatu ginen Donostiako Poliklinikan. Hara iritsi eta oso ondo artatu gintuen emaginak; lehen esplorazioa eginda, lau zentimetroko dilatatuta nengoela esan zidan. Erditze plana aurkeztu genion, eta hiruron artean komentatu genuen han idatzita genuena. Gela batera eraman gintuen ondoren, intimitatean dilatazioko ariketak- eta egin genitzan. Emaginak proposatu zidan hiru orduro esplorazioa egingo zidala, eta baiezkoa eman nion nik. Egin genuen hartu-emana egundokoa iruditu zitzaidan hasieratik.

Dilatazioa makal zihoan, ordea, eta nekatzen hasita nengoen, bigarren gaua neramalako esna. Emaginak alternatibak proposatzen zizkidan uneoro, eta bion artean adostu genuen, esaterako, ur poltsa puskatzea, umeari jaisten laguntzeko. Ordura arteko tratua oso errespetuzkoa izan zen, baina emaginen txanda aldaketa etorri zen gero; ordutik aurrerakoa, kaosa izan zen. Minez nengoen, eta epidurala eskatu nuen, baina ez zidan eraginik egin.

Bigarren dosian bai, baretu zen mina, eta atseden hartzeko premia sumatu nuen. Ordea, profesionalek presa zuten umea jaiotzeko. Txanda berrian lanean ari zirenei nire erditze plana irakurtzeko eskatu nien, eta haiek neuk azaltzeko erantzun zidaten. Une hartan, ordea, ez nengoen nire asmoak zein ziren arrazoitzen hasteko moduan. Niretzat hain garrantzitsuak ziren erditze asmoei jaramon handirik ez zietela egin sentitu nuen.

Kanporaketa fasea iritsi zen, baina umea ez zen jaisten, eta bentosekin hasi ziren hura ateratzen. Oso gogorra izan zen, literalki sokatiran ari zirela ematen zuelako. Hiru aldiz eten zitzaien bentosa txikiaren burutik; ez genuen aurrera egiten. 'Orain, zer dator?', galdetzen nion neure buruari. Uneren batean, jende arrotz mordo bat sentitu nuen gelara sartzen, eta beldurtu egin nintzen. Inork ez zidan azalpenik eman, eta haietako batek sabelaren gainean jarri zituen eskuak, Kristeller maniobra egiteko. Ez nekien zer ari zen gertatzen, nire gorputzetik at, pelikula bat ikusten ari nintzen sentsazioa nuen. Ahotsik ez zitzaidan ateratzen; joanda nengoen. Halako batean, Ibai jaio zen, eta gainean jarri zidaten. Arnasestuka zegoen: 'Honek ere majo sufritu du', pentsatu nuen. Segituan eraman egin zuten umea, erditze gogorra izan zela-eta esploratu egin behar zutelako.

Erditzea desastrea izan zen zaporearekin gelditu nintzen. Erditze planean eskatu nuen, edozein esku hartze beharrezkoa bazen, egiteko, baina aurrez ni informatuta. Minduta sentitzen nintzen ez nindutelako kontuan hartu; ezereztatuta sentitu nintzen. Izan ere, guri ezer abisatu gabe, kanporatze fasean pertsona arrotz batzuk gelara sartu izanak beldurtu egin ninduen. Bestetik, erditze planean argi eta garbi adierazi nuen inondik inora ez nuela Kristeller maniobra egiterik nahi, ebidentzia zientifikoak erakutsi baitu praktika horrek ez duela prozesuan laguntzen eta arriskuak eragin ditzakeela. Hain zuzen ere, ospitalera iristean, erditze plana irakurri zuen emagin hark esan zidan lasai egoteko, zentro hartan ez zutela- eta maniobra hori egiten. Geratu zitzaidan sentipen hura sendagileei adierazteko aukera eduki nuen, eta eskerrak horri, mina arintzeko balio izan baitzidan.

Erditze ostean, aurrenekoz nire sabela ispilu aurrean ikusi nuenean, hutsa sentitu nintzen. Umea atera zidaten sentipena nuen, baita nire arimaren zati bat ere. Etxean ginela, sentimendu ugari nahasten zitzaizkidan: poza, haserrea, tristura... Hasierako hilabeteak oso gogorrak izan ziren: bizi izandako esperientzia traumatikoaz gain, perineoan izugarrizko urratua nuelako. Emozionalki zein fisikoki nengoen minduta. Idazketa terapeutikora jo, eta gertatutakoa jasotzea pentsatu nuen. Bereziki ospitalean igarotako hiru egunak kontatu nituen, eta ez nuen testua gehiago irakurri, bigarrengoz haurdun geratu nintzenera arte.

Ahaztuta nituen zenbait gauzekin akordatu nintzen, eta negar asko egin nuen, baina balio izan zidan indarrak hartzeko. Laguntza prozesuan, bada terapeutikoa izan zen beste gauza bat: bigarren semearen jaiotza. Argi nuen beste ospitale batean erdituko nintzela, jakin banekien arren erabaki horrek ez zuela bermatuko erditze hobea izatea. Behar nuen, ordea, espazio aldaketa, aurreko lekuan mamu gehiago izango nituelako. Zorionez, bigarren erditzeak ez zuen aurrekoarekin zerikusirik izan, eta esperientzia hark balio izan zidan aurrez nituen mamu guztiak uxatzeko zein kanpoko esku hartzerik gabe erditzeko gai nintzela jabetzeko.

Behar dugu gaia ikusgarri egitea, asko direlako indarkeria obstetrikoa jasan dutenak. Badut anekdota bat horren inguruan: bigarren haurdunaldian erabaki nuen aurreneko erditzeaz idatzita nuena publiko egitea. Handik denbora batera, emakume bat jarri zen nirekin harremanetan, eta esan zidan klinika berean esperientzia berbera izan zuela. Jota zegoen, desesperatuta. Harremana sortu genuen pixkanaka, eta duela ez asko kontatu zidan psikologo perinatal batengana jo zuela azkenean, eta hari esker hobeto zegoela. Ez da asko hitz egiten gaiaren inguruan, eta garrantzitsua da horretarako txokoak sortzea. Izan ere, oso gogorra izan daiteke amatasuna, zer esanik ez aurretik halako motxila bat baldin baduzu. Askotan esaten da erditzea momentu bat dela eta gero ahaztu egiten dela, baina erditzea momentu bakarra da, ez da berriz errepikatuko. Modu batera edo bestera markatzen gaituen bizipen bat da, eta erditzea gogorra izan bada, beharbada ez digu aurrera egiten utziko.

Errespetuzko tratua jasotzeak ez luke zorte kontua izan behar: eskubide kontua da, eta profesionalena, betebeharra. Amatasunak erakutsi dit irekiago izaten, gauzak gardentasunez adierazten. Erditzearen ondoren, zer moduz nengoen galdetzen zidatenean, egia erantzuten nien, barruak soltatzeko beharra bainuen. Baina antzematen nuen batzuek ez zutela entzun nahi gertatu zitzaidana. Haientzako, beharbada, gertatu zitzaidan hori normala zen. Hori da kontua: normalizatuta egon dira halako erditzeak, eta gertatutakoari 'biolentzia' hitza jartzen hastea, berriz, moda kontua da zenbaitentzat. Aspalditik dagoen kontua da, ordea, orain, pixkanaka, azaleratzen ari dena. Garrantzitsua da haurdun bakoitzak bere egoeraren kontzientzia hartzea eta prozesuan erabakimena edukitzea, profesionalekiko konfiantza galdu gabe, baina baita guztia haien esku utzi gabe ere. Bide honetan, gizartean lanketa falta ikaragarria dagoela iruditzen zait".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide