'Juanita Larando' ontziaren etorrerarekin hasi dira Elkano Itsas Herria programako ekitaldiak

Juan Luis Romatet 2022ko uztailaren 8a

Eguerdi partean heldu da Juanita Larondo patatxa Zumaiara. Moilara amarratu eta harrera egin diote eskifaia osatu duten kideei Moilaberrian. Elkano Itsas Herria programaren barruan sartzen da bisita hau.

Goizeko lehen orduetan abiatu da ontzia Debatik eta haizea lagun, belaren laguntzarekin egin du kostaldeko bi herrien arteko tartea. Zumaiako bokalean Beduola ontzi tradizionalen elkarteko batel batzuk zituen zain Albaolako Aprendiztegi nazioarteko aroztegi eskolan egindako ontziak, eta haien laguntzarekin, orain bai, arraunean heldu dira portura. Bertan amarratu dute Patatxa, eta behin lehorreratuta Moilaberri parera bertaratu dira harrera egin dieten lagunak –Iñaki Ostolaza alkatea buru– eta gaurkoan eskifaia osatu duten kideak. 

Andoni Egaña bertsolariak abestuko dizkie ongietorriko bertsoak, eta Ostolazak Zumaiak itsasoarekin duen harreman estua gogoratu die. Ekitaldian zehar gogoratu dutenez, ontzi honek 30 portu inguru bisitatuko ditu uda sasoian zehar.

Juanita Larando ontzia Zumaiako portuan egongo da amarratuta astelehen goizean herria utziko duen artean. Bihar, larunbat, ontzian arraunean egiteko aukera izango da, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Interesa dutenek izena eman dezakete Moilaberrian jarritako erakusketan dagoen informazio puntuan. 

Elkano Itsas Herria programako egitaraua

Uztailak 8, ostirala

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian. 

20:00etan. Beheko Plaza abesbatzaren udako kontzertua, Komentuan.

Uztailak 9, larunbata

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian. 

11:00etatik 13:00etara. Arraunketa eta irteerak.  

Uztailak 10, igandea

12:00etatik 20:00etara. Erakusketa eta informazio puntua Moilaberrian. 

Uztailak 11, astelehena

Goizean zehar. Patatxaren agurra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide