Erretratua

Zigor Etxabe, kanpinaren eta mendien artean

Juan Luis Romatet 2022ko urr. 19a, 15:11

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Mentenimendu lanak egiten aritzen da negu partean, eta bezeroei harrera egiten, behin instalazioak ateak irekitzen dituenean. Itziarko Itxaspe Kanpinean egiten du lan Zigor Etxabek, eta dagoeneko ondo daki bisitariek zer duten gustuko eta zer ez, zeren bila datozen eta zer ekidin nahi duten, haien jatorriaren arabera. Naturaz inguratuta lan egiteaz gain, mendiaz ere hitz egin du BALEIKErekin.

Erretratu hau iraileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen.

Zazpi urte daramatza Zigor Etxabe Astigarragak (Narrondo, 1974) Itxaspe Kanpinean lanean, Itziarren. Ingeniaritza elektronikoa ikasitakoa, ezagutza hori ez du praktikan jarri inoiz; beste lan batzuetan aritu izan da ikasketak amaitu zituenetik: "Zarauzko Itxaropena inprentan sei urte egin nituen, koadernaketa-eta egiten, baina aldaketa bat behar nuela eta, Astilleros Balenciagan hasi nintzen lanean. Han beste sei urte egin nituen doitzaile lanetan", kontatu du. Eskaladako –bere bizitzan garrantzia handia duen jarduera– kide batek eskainita hasi zen Etxabe kanpinean lanean. "Eskaladan gurekin sokan ibiltzen den Gorkak [Agirreazaldegi, Itxaspe kanpineko jabe den familiako kidea] eskaini zidan lan hau, eta Balenciagan gustura banengoen ere, onartu egin nuen", esan du. Behin lanaldia amaituta, gauez, zerbeza bat eskuetan duela aritu da BALEKErekin solasean. 

Kanpin asko urte osoan egoten dira zabalik; Itxaspe, berriz, urte erdiz. "Kanpin txikia da, familiakoa; Aste Santuan zabaltzen dugu, eta irailaren amaiera aldera itxi. Esan daiteke sei hilabetez egoten dela zabalik, eta beste urte erdiz itxita. Gero, nahiz eta bezeroentzako itxita egon, hilabete horietan mantenu lanak-eta egiten ditugu". 

Neguan hasten dira hurrengo denboraldirako kanpina prestatzen. "Igerilekua martxan jarri, pintaketa lanak egin, garbiketa sakonak, berrikuntzak… Gero, behin zabalik dagoenean, goi denboraldian bereziki, harreran egotea ere egokitzen zait", esan du Etxabek. "Bezeroak artatzeko gutxieneko ingeles maila behar duzu. Nire lankideek frantsesa ere dominatzen dute, eta gaztelania ere bai nik baino hobeto!", azaldu du barrez.

Europako iparraldean sona handia duen kanpina da Itxaspe, eta udako hilabete batzuetan, uztailean bereziki, bezeroen gehiengoak Europako goi partean du jatorria. "Ekainean ere bai, baina uztailean nabarmentzen da Herbehereetako bisitarien etorrera, baita alemaniarrena eta belgikarrena ere. Horiez gain, ingelesak, frantsesak nahiz italiarrak ere etortzen dira. Zazpi urte daramatzat hemen lanean, eta hasi nintzenetik bezero holandar asko izan ditugu. Ni ere harritu ninduen horrek; berez etorri den zerbait da", gaineratu du. 

Abuztuan bezero mota aldatu egiten dela dio Etxabek. "Herbehereetako eta Belgikako bezeroak joan egiten dira; han eskolak-eta azkarrago hasten dituzte". Iberiar Penintsulako bezeroek hartzen dute haien lekukoa, Etxaberen esanetan. "Nafarroatik nahiz Herrialde Katalanetatik bertaratzen dira asko, baina baita Madrildik edo Andaluziatik ere". Kultura aldetik desberdintasunak egoten direla dio kanpineko langileak. "Iparraldekoek isiltasuna maite dute; guk soinu gehiago ateratzen dugu. Hango kanpin batera joaten bagara, 22:00etarako edo 23:00etarako isiltasuna nagusituko da. Hemen, abuztuan, ez da hori hain erraza, eta bezero mota aldatzean, are eta zailagoa da. Hala ere, Itxaspe oso zorrotza da, akaso bezeroek beraiek kutsatuta; garrantzia ematen diogu isiltasunari; ez da parrandarako lekua".

Akaso horregatik erakarriko du Europa iparraldeko hainbeste bidaiari? "Itxaspe herritik pixka bat aparte dago, eta etortzen zaigun jende asko kirolaria da, bizikletan eta korrika egiten duena, mendian ibiltzen den jendea. Kanpotarren ikuspegitik, nahiz eta herritik urruti egon, hurbil dago beraientzako. Gainera, gustuko dute ardiak eta behiak ikustea aurreko zelaian". Etxabek nabarmendu duenez, Europa iparraldeko bisitariek "ez dakite hau Euskal Herria denik. Gehienek pentsatzen dute Espainiara datozela, eguzkitara, eta kostaldeko parte hau polita dela. Hegoaldetik datozenek, berriz, badakite Euskal Herrian freskoago egiten duela udan, eta euria egiten duela ere bai batzuetan. Hemen gustura egoten dira lainotua dagoenean, eta euri pixka bat egiten duenean ere bai, lo errazago egiten dutelako. Baina hamabost egunez euria egiten badu… hegoaldekoa edo iparraldekoa izan, horrek ez die graziarik egiten", kontatu du Etxabek barre artean.

Kanpinzalea da bera ere, eta oporretan kanpinak erabiltzen ditu. "Udaberrian, kanpin denboraldia hasi aurretik, edo udazkenean, behin bukatu denean, hartzen ditut oporrak, eta gustatzen zait kanpin lasaiak eta txikiak aurkitzea. Alazne emaztearekin kanpin askotan ibili naiz urte hauetan guztietan. Garai batean kanpin dendarekin ibiltzen ginen, eta orain furgonetarekin ere bai". Hotelak ez ditu gustuko. "Esku bateko behatzekin kontatuko nituzke hoteletan igarotako gauak. Hotelek ez naute batere erakartzen; luxua islatzen dute, baina azkenean, lau hormaren artean zaude".

Mendizalea da Etxabe. "Txikitatik naiz mendizalea. Aita txikia nintzela hil zitzaigun, eta osabekin-eta asko joaten ginen mendira. Igandero joaten ginen, adibidez, Andutzera. Gero, gaztetan, Indamendik emandako eskalada ikastaro batean parte hartu genuen, eta eskaladarako materiala utzi ziguten. Sokekin ere hasi nintzen eskaladan garai hartan, eta Joxemiten ere bai Apolok [Josu Garate], Larregik [Imanol Azkue] eta haiek hasitako bidetik. Haitza zela, ikastaro hura zela... Pirinioetara joaten hasi nintzen, eta ordutik urteetan ibili naiz mendian, bakarrik batzuetan, lagunekin besteetan. Txikitako grina mantendu dut; zuloetan sartzea, mendietan gora egitea, abentura gogo hori bakoitzak bere modura eramango du, baina orduan sentitutako hori seguru barruan daramagula denok". Leku askotan izan da, eta oroitzapen txarrik ez du. "Agian maiteenak Pirinioak izango dira: ama bat bezala da, etengabe emango dizu dena". Igo nahiko lukeen mendirik ba ote den galdetuta, berriz, Matterhorn dio, Cervino italieraz, "ikonikoa delako eta txikitatik txorakeria hori izan dugulako. Baditut han izan diren lagunak, eta egiteke dudan zerbait da. Hala ere, igo gabe utziko banu ere, ez litzateke ezer gertatuko. Haraino joan, une berean igo nahi duten beste ehun lagun topatu… Jende pila bat badago ez nago gustura mendian; ez hemen, ez inon".

  • Adina: 48 urte.
  • Ikasketak: Ingeniaritza elektronikoa.
  • Lanbidea: Harrerako eta mantenuko langilea Itxaspe Kanpinean.
  • Kanpineko langilea ez banintz… Mendiko gida izatea gustuko dut, baina hori lanbide bihurtzeak ez dakit zenbateraino aseko nindukeen.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Etxean lasai egotea emaztearekin, eta denbora librea badut, buelta bat ematea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide