Indarkeria matxista

Matxismoak baditu milaka aurpegi

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 25a, 09:00

Maria Maya Manterola kazetariak eta GUKA gehigarriko indarkeria matxistari buruzko erreportajearen egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Heltzear da Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Berria egunkariak bildutako datuen arabera, Euskal Herrian 115 emakume eta 15  ume hil ditu indarkeria matxistak 2003tik. Beste urte batez, herriz herri eta auzoz  auzo, kaleak hartuko ditugu horien guztien oroimenez.  Baina baita indarkeriaren hatzapar luzeez ohartarazi ere, biolentzia horrek, erro bera izan arren, askotariko formak eta mekanismoak baititu. Mugimendu feministako kideek azaldu bezala, sutilagoak diren  indarkeria egoera horiek –umore eta txiste matxistek, inbisibilizatzeak, mikro-matxismoek nahiz zenbait komunikabideren jardunak– eusten eta errazten dituzte identifikatzeko errazagoak zaizkigun eraso esplizituagoak. 

Formaz eta itxuraz dira askotarikoak erasoak, eta mugimendu feministaren teorizazioari eta ahaleginari esker ulertu dugu indarkeriaren eraldatzeko abilezia zenbaterainokoa den, ziztadak eraso matxista baitira sumisio kimikoa eragin ala ez. 

Noan harira. Indarkeria beraren definizioa ez ezik, indarkeria pairatzen duten subjektuen irudia zabaltzea ere komenigarria dela uste dut. Izan ere, gizonez eta emakumez osaturiko gizartea behar du sistemak, eta bazterrekoak bazterrean egotea patriarkatuak aurrera jarrai dezan. Sistemaren arauetatik kanpo gelditzen den edozein genero disidentek edo gorputz identitatek ere jasaten du, beraz, biolentzia matxista. Eta indarkeria matxistaren aurka egiteko, egunean horiek ere aterako dira kalera, hala marikak, nola pertsona ez-binarioak. 

Eta hitz egin dezagun erantzukizunaz. Bakoitzak har dezagun egoerarekiko ardura dagokigun lekutik. Gizonok, aztertu zuen jarrerak; ez izan konplize. Egun batez kaleak hartzeak baino, egunero ispiluaren aurrean jartzeak bide hobe batera eramango gaitu. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide