Kike Manterola: "Asteburu borobila izan da"

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 19a, 16:00

Telmo Deuneko neskak, larunbatean, bandera irabazi berritan. (Telmo Deun)

Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko neskek dotore hasi dute traineru denboraldia, ETE ligako aurreneko jardunaldian bandera etxeratuta eta bigarrenean jardunaldian bigarren eginda. Kike Manterola entrenatzailea "pozik" da emaitzekin, eta "puntu bakoitzaren garrantzia" azpimarratu dio BALEIKEri.

Larunbatean abiatu zen ETE liga Lapurdin, Donibane Lohizunen, eta zumaiarrek garaipen garrantzitsua eskuratu zuten bertan. Igandean ere dotore ibili ziren, baina azken ziabogan arrauna galdu, eta bueltako luzean gogor lan egin behar izan zuten neskek bigarren postuan sailkatu ahal izateko, Kaikuren atzetik baina Deustori aurre hartuta.

Asteburuan egindakoarekin pozik zen atzo Kike Manterola Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko nesken senior taldearen entrenatzailea, liga hasiera ona ematea lortu duelako taldeak: "Asteburu borobila izan da. Larunbateko emaitzarekin pozik gaude, nola ez, eta baita igandekoarekin ere, lortu genuelako zailtasunei buelta ematea eta hirugarren postutik bigarrenera salto egitea. Izan ere, puntu bakoitza da garrantzitsua". Hamabosna dituzte Kaikuk eta Zumaiak, eta dagoeneko hiru puntuko aldea atera diete hirugarrena den Deustori. 

Alde hori handitu daitekeela uste du Manterolak, aurreneko estropadak ibaian jokatu dituztelako baina itsasoan Zumaiak bentaja atera dezakeelako: "Errioan parekatuago ibiliko garela uste dugu, teknika baino gehiago izaten delako indarra. Itsasoan, berriz, arazo gehiago izan ditzakete beraiek, batez ere Deustok, ez daudelako gu bezain ohituta han entrenatzera". Dena den, "estropadaz estropada joan behar" dela azpimarratu du, eta oraindik dena ikusteko dagoela. 

Helburua, play-offa jokatzea

Helburua, hori bai, argi du taldeak: ligan goialdean ibiltzea eta play-offetara sailkatzea, datorren denboraldian Euskotren ligan ibiltzeko borrokatu ahal izateko. "Gure aurreneko helburua da play-offetara sailkatzea; gero, ikusi egin beharko dugu zer gertatzen den, galiziarrentzat dagoelako gordeta tokia Euskotrenen, eta beraz, toki bat gutxiago egongo delako gainerakoentzat".

Erronka lortzeko, "puntu guztiei eman behar zaie balioa". Igandeko bigarren postuari horregatik ematen dio aparteko garrantzia Manterolak: "Ez dakigu ligaren amaieran nola izango garen, eta horregatik da garrantzitsua igandeko estropada, hirugarren gelditzera gindoazelako eta lortu genuelako puntua eskuratzea bigarren eginda. Balio handia eman behar diogu horri". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide