Igande honetan jokatuko dute Zumaiako Ikurrina

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 6a, 09:44

Gizonezkoen trainerua.

Telmo Deuneko bi ontziek etxean jokatuko dute estropada, bertan izango direlako ETE eta KAE1 ligetako lehiak igande eguerdian.

Hitzordu garrantzitsua dute igande honetan Telmo Deun Arraun Elkarteko bi ontzi seniorrek, etxean jokatuko baitituzte ETE eta KAE1 ligetako estropadak. Eguerdian izango dira norgehiagokak itsasoan, bi hondartzen arteko itsas eremuan, eta arranplatik uretaratuko dira traineru guztiak.

Emakumezkoek jokatuko dute aurrena, 11:30ean hasita. Zumaiako VI. Ikurrina izango dute jokoan. 12:15ean hasiko da, berriz, gizonezkoen lehia, Zumaiako 38. Ikurrina.

ETE liga dotore hasi dute zumaiarrek: Mundakan bigarrenak izan ziren, eta Pasaian, berriz, bandera lortu zuten. Hala, lider dira une honetan sailkapen nagusian 30 punturekin. Kaiku da bigarren, puntu kopuru berarekin, eta koska atera diete hirugarrenari, Deustori, horrek 23 puntu baititu.

Gizonezkoetan, bosgarren da sailkapenean Telmo Deun une honetan, seigarrenarengandik lau puntura –39 puntu ditu Zumaiak, eta 35, berriz, Camargok–. Laugarren sailkatua urrun dauka, Arkotek 46 puntu dituelako. Sanpedrotarra da lider une honetan, 57 punturekin.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide