ETE ligako hirugarren garaipenaren bila atera dira Telmo Deunekoak gaur etxean bertan jokatutako lehian. Uretaratu aurretik, urduri zeudela aitortu dute arraunlariek, eta azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan dute; etxeko bandera Kaikuk eraman du gaurkoan.
Denborarik bizkorrena egin ez arren, estropada ona egin dute beste behin zumaiarrek. Kaikuk 11:37,53 denboran egin du estropada, eta Telmo Deunek 11:45,58 denboran. Tarte handia atera dio hirugarren egin duen Deustori, ia hamabost segundokoa, 12:03,79 denbora egin baitu hark.
Kontuak kontu, puntu garrantzitsuak eskuratu dituzte zumaiarrek, eta sailkapen nagusian bigarren dira, Kaikurengandik puntu bakarrera.