Zumaia bosgarren izan da Pedreñako estropadan

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 15a, 17:30

Marina de Cudeyoko XVIII. Bandera-Dynasol Sari Nagusiko proba jokatu dute gaur arratsaldean, eta Zumaiako trainerua nagusi izan da bigarren txandako lehian. Arkotek irabazi du estropada.

Pedreñako (Kantabria, Espainia) uretan jokatu dute gaur arratsaldean KAE 1 ligako zazpigarren jardunaldia. Marina de Cudeyoko XVIII. Bandera-Dynasol Sari Nagusia izan dute jokoan, eta Arkoterentzat izan da garaipena, sailkapenean lider doan Lapurdiri sei segundoko aldea aterata. Zumaiako Telmo Deunek bosgarren bukatu du sailkapenean, lanak txukun eginda.

Eskualdeko bi ordekariek, Zumaiak eta Zarautzek, bigarren txandan egin dute arraunean, Pedreña etxeko taldearekin eta Camargorekin batera. Beraien multzoan, Zumaiak lehen luzetik hartu du 5 segundoko abantaila, eta Zarautzek tarteari eutsi nahi izan badio ere, ihesten joan zaio estropadak aurrera egin ahala. Azkenean, hirugarren luzerako 11 segundoko aldea atera dizkio, eta gisa horretan helmugaratu dira hurrenez hurren, Zumaiak txanda irabazita eta Zarautz bigarren; Camargo izan da txandako hirugarrena eta Pedreña laugarrena.

Sailkapen orokorrean Zumaiak bosgarren jarraitzen du 56 punturekin, eta momentu honetan nahiko isolatuta dago postu horretan. Izan ere, goitik 69 punturekin berdinduta daude Arkote eta San Juan, hirugarren eta laugarren postuan; eta behetik, seigarrenean dago Camargo, 49 punturekin.

SAILKAPENA

1 Arkote  20:53,04  
2 Lapurdi  20:59,21  
3 Sanpedrotarra 21:07,29  
4 San Juan  21:08,18  
5 Zumaiako Telmo Deun  21:14,83  
6 Zarautz Gesalaga Okelan 21:25,44  
7 Camargo 21:33,22  
8 Hondarribia 21:41,77  
9 Deusto 21:45,65  
10 Busturialdea 21:50,51  
11 Pedreña 21:52,29  
12 Castro  22:43,88

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide