Erretratua

Turismoa uxatzen zuen horma eraisten

Juan Luis Romatet 2023ko uzt. 23a, 09:00

Ilustrazioa: Karmele GorroƱo.

Azken bi hamarkadetan turismoak herrian izan duen hazkundearen lekuko ezin hobea da Esti Irureta. 2002tik Zumaiako Udaleko turismo teknikaria da, eta herriak bizi izan duen bilakaeraren partaide ere izan da Kantauri plazako Turismo Bulegotik.

Eduki hau ekaineko Baleike aldizkarian argitaratu zen. 

Astelehenetan itxita egoten da Turismo Bulegoa bisitarientzako, eta astelehen bat aukeratu du kazetariak Esti Irureta Ostolazarekin (Zumaia, 1976) lasai hitz egiteko. Mostradorean ez dago inor galdezka ea ditxosozko iturrira nola joaten den edo txukun eta prezio onean jateko leku aproposik ba ote dagoen herrian. "Gauzak aldatu dira hemen ere, eta bisitariak etxeko lanak eginda etortzen dira. Lehen informazioa ematen genuen; orain, esan dezakegu gehiago aholkularitza lana egiten dugula", kontatu du Iruretak solasaldian zehar. Iruretak gaztetatik garbi zuen hizkuntzen mundura edo turismora bideratuko zuela bere bizitza. "Ikasketak Zumaiako Institutuan egin nituen, eta ikasten ari nintzena –administrazio laguntzaile ikasketak – ez zitzaidan batere gustatzen. Ingelesarekin zerikusia zuen zerbait ikasi nahi nuen. Hori, edo turismoa". Institutuko ikasketak bukatuta, urtebete egin zuen atzerrian, Edinburgon (Eskozia), "lanean eta ingelesa ikasten. Hotel handi batean egin nuen lan, oheak eta egiten, eta ezkontza handiak zerbitzatzen. Jatetxe indiar batean ere egin nuen lan, baita agentzia baten bidez beste hotel batzuetan ere".

Eskozia eder eta euritsuan zela konturatu zen Irureta turismoa ikasi nahi zuela, eta Euskal Herrira itzuli zenean Deustuko Unibertsitateak Donostian duen fakultatean hasi zen karrera ikasten. Gogoan du geografia, historia eta artea, kontabilitatea, ostalaritzako eta hotelen funtzionamendua, nahiz hizkuntzak erakusten zituztela. "Praktikak egiteko aukerak ere izaten genituen. Bidaia agentzia batean egin nituen praktikak, gutxien gustatzen zitzaidana hori zen eta. Hala, berretsi nuen benetan zer ez zitzaidan gustatzen".

Bidaia agentzietan lan egitea ez zuen gustuko; bai, ordea, bidaiatzea, txikitan aukera handirik izan ez bazuen ere. "Udalekuak baldin bazeuden, edo kanpora joateko aukeraren bat, ni prest izaten nintzen beti", gogoratu du. Beste kultura batzuetako jendearekin nahastea gustatzen zaiola dio. "Bidaiatzeko modu konkretu batzuk gehiago gustatzen zaizkit besteak baino – adibidez, kruzeroak ez ditu gustuko –, baina urteko sasoiaren arabera, edo motibazioaren arabera, turista mota batekoa naiz. Batzuetan gustatzen zait balneario batera joan eta lasai egotea, eta beste batzuetan, asko gustatzen zait hiriak ezagutzea, asko gustatzen zait herri txiki politak bisitatzea". Turismoan lan egiten duen jendeaz pentsaera okerrak daudela irizten dio. "Jendeak pentsatzen du turismo arloan gaudenok gehiago bidaiatzen dugula, eta justu kontrakoa da. Jendeak bidaiatzeko aukera duenean gu lanean gabiltza. Orain, urtean zehar, ihesaldi motzak egiten ditut, aukerarik ez dudalako luzeagoak egiteko".

Karrera amaituta, berriro ere atzerrirako apustua egin zuen Iruretak, oraingoan Frantziara. "Karrerako lehen urtea bukatu nuenean Frantziara joan nintzen haur zaintzaile lanera. Frantsesa ikasi nuen karreran, baina hizkuntza ez nuen artean dominatzen. Ez dut inoiz eduki lotsarik hitz egin eta akatsak egiteko, hizkuntza bat horrela ikasten da eta. Gero, karrera bukatu nuenean Montpellierrera (Okzitania) joan nintzen, eta han zortzi hilabetez egon nintzen". Denbora horretan frantsesa ikastea errematatu zuen.

Frantziatik jada lan kontratu batekin itzuli zen turismo teknikaria. "Zelai Hotela ireki berri zuten Zumaian, eta herrira itzultzean han hasi nintzen lanean. Oso gustukoa nuen lana, eta urtebete egin nuen han". Gustura jarraituko zukeen hotelean lanean, baina beste ate bat zabaldu zitzaion, eta ezin izan zion eskaintzari muzin egin. "Eusko Jaurlaritzaren Spri taldeak nazioarteko turismo saila zuen, eta han hasi nintzen lanean. Euskadiko turismo informazioa eramaten nuen nazioarteko turismo azoketara, batik bat Europakoetara. Ia urtebetez aritu nintzen han lanean, Bilbon. Baina, familia izan nahi nuen, ez nuen berandura arte zain egon nahi familia izateko. Han geratuta lan aukera zabalduko zitzaidakeen; gustukoa nuen, baina hilero kanpoan nintzen azoketan. Egundoko penarekin, baina utzi egin nuen", kontatu du.

Herrian ordurako sortua zen turismo teknikari lanpostura aurkeztu zen Iurreta, eta bera aukeratu zuten. "Izugarrizko erronka iruditu zitzaidan. Herriarentzako ahal nuen turismo eredu egokiena sortzeko edo egiteko aukera horrek asko motibatzen ninduen". Ordutik da Zumaiako turismo teknikari. Eredu hori aplikatzerakoan "inoiz beldurrik ez" du izan. "Kristoren zortea izan dut azken 20 urteetan udalean izan diren alderdiek –eta alderdi desberdinak egon dira agintean – nik proposatutako hori babestu dutelako".

Turismo sailean lanean hasi zenean, Kaminero inguruan halako horma birtual bat sumatzen zela gogoratu du teknikariak. "Turistak Zarautzera eta Getariara joaten ziren, baina Zumaiaraino ez ziren heltzen. Turismoaren dinamizazio lan horrekin Zumaia mapan jarri nahi izan genuen". Hala, 2002. urtean bertan bisita gidatuak eskaintzen hasi zirela kontatu du. "Gero [Euskal Kostaldearen] Geoparkeak eskainiko zituen bisiten hastapenak izan ziren horiek". Urte gutxira, jarraian, Zumaia mundu mailan ezagutzera eraman zuten beste mugarri batzuk izan zirela dio Iruretak: "2005. urtean Algorri Interpretazio Zentroa zabaldu zuten, eta 2009an [Deba eta Zumaia arteko itsasertza] biotopo babestu izendatu zuten. Hor hasi ginen flyscharekin eta geologiarekin zerbait ezberdina eskaintzen". Bide horretan, 2008an, Flyscharen Ibilbidea aurkeztu zuten Mutrikurekin eta Debarekin batera, "eta urte gutxira, 2010ean, geoparkea izateko eskaera aurkeztu genuen. Normalean, zientzia edo ingurumen sailetatik egiten dira eskaerak, baina gure kasuan turismo sailetik eskatu zen, eredu jasangarria landu dugulako betidanik".

Getaria eta Zumaia banatzen zituen horma eraitsita, turistak Zumaiara heltzen hasi ziren. Igoera konstantea izan zela du gogoan Iruretak. "Pixkanaka gora egitea normala da, dena zegoen eta egiteko". 2016an, baina, turisten eta bisitarien uholdea izan zuen Zumaiak. Horrek harritu egin zuela onartu du Iruretak. "Halako igoerak digeritzea zaila egiten zaio herri bati, eta hor agertu ziren turismo masiboaren aurkako mezuak ere. Ez dut esango herria turismoaren aurka jarri zenik, baina kezka bat sortu zuen". Momentu aproposa zela ikusi zuten Turismo Plana garatzeko. "Ez zen turismoa ekartzeko edo modeloa aldatzeko plan estrategikoa, ez; herritarren eta turisten arteko elkarbizitza bermatzeko plana zen".

2016ko jende andana ez da errepikatu ondorengo urteetan, baina teknikaria ez da beldur: "Nik ez dut uste jende faltarik izango dugunik herrian; jendeak etortzen jarraituko du". Iruretarentzat turista guztiak izango dira ongietorriak Zumaian, "baldintza bakar batekin: jarrera konkretu bat izatea". Eta zehaztu egin du: "Hemengo hizkuntza errespetatzea; mugikortasunean ekarpena egitea, eta ez izatea molestia bat; mendira joan behar badute, zaborrak beraien motxilan hartu eta arrastorik ez uztea; eta garrantzitsuena: ezagutza eramatea hemendik. Zumaia ez da aurpegi polit bat bakarrik. Gauza asko ditu, eta ezagutza hori bisitari edo turistak eraman dezala bere tokira. Hori izan da beti gure helburua".

  • Adina: 47 urte.
  • Ikasketak: Turismo gradua.
  • Lanbidea: Udaleko turismo teknikaria.
  • Turismo teknikaria ez banintz... Gustatuko litzaidake hotel bat zuzentzea, haur txikien hezkuntzan lan egitea, aholkularitza zerbitzu batean aritzea… Gauza asko, baina uste dut toki egokian nagoela.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Dantzak asko betetzen nau. Oso soziablea naiz, eta jendearekin egotea gustatzen zait. Bidaiatzea, egunpasak egitea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide