Sailkapenak bero-bero daudela jokatuko dituzte asteburuko estropadak

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 4a, 13:57

Artxiboko irudian, aurten, Zumaiako nesken trainerua uretara bidean. (Onintza Lete Arrieta)

Ligak amaitzeko sei jardunaldi gelditzen zaizkie Telmo Deuneko traineruei, eta puntu garrantzitsuak izango dituzte jokoan asteburu honetan ere.

Traineru ligak hasi dira amaiera aldera gerturatzen, bai behintzat Telmo Deuneko bi traineruak dabiltzan ETE eta KAE1 ligak. Sei jardunaldiren faltan, puntu garrantzitsuak izango dituzte jokoan asteburu honetan zumaiarrek.

Neskek bihar, larunbata, izango dute asteburuko hitzordua: Ondarruan (Bizkaia) jokatuko da, 12:00etan, ETE liga. Biharko beste estropadak Euskotren eta Eusko Label ligetakoak izango dira. Horiek Hondarribian (Gipuzkoa) jokatuko dituzte, 17:25ean emakumeek, eta 18:15ean gizonek.

Mutilek, berriz, igandean dute asteburuko estropada bakarra. Hondarribian ariko dira KAE1 ligakoak, 16:30ean hasita. Liga nagusikoek, berriz, Lekeition (Bizkaia) izango dute hitzordua, 11:25ean hasita Euskotrenekoek, eta 12:15ean, Eusko Label ligakoek.

Sailkapenak

Traineru denboraldiko lau ligen sailkapanei errepasoa eginda, sailkapena bero-bero dago Euskotren ligan: Donostia Arraun Lagunak da lider 50 punturekin, baina Orio Orialki gertu-gertu dauka, bigarren, 47 punturekin. Asteburu honetako puntuak garrantzitsuak izango dira, beraz, liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan.

Eusko Label ligan ere, puntu gutxi-gutxiko aldea dute lehen hiru sailkatuek: 99 ditu Urdaibaik, 98 Hondarribiak, eta 91 Zierbenak. Donostiarra da laugarren 74 punturekin, eta Orio bosgarren, 62rekin. Getaria zazpigarren da, seigarrenarekin –Cabo– 53 puntutara berdinduta. Atzetik, Lekittarra gertu du Getariak, 51 punturekin.

KAE1 ligari dagokionez, sailkapenean elkarren ondoan dira Telmo Deunekoak eta ZAEkoak: bosgarren da Zumaia 67 punturekin, eta seigarren Zarautz, 61 punturekin. Laugarrena oso urrun dute, 90 puntu dituelako Arkotek. Atzekoa, berriz, gertu, Camargok 60 puntu dituelako.

ETE ligan, azkenik, Zumaia bikain kokatuta dago sailkapenean: 59 puntu ditu liderrak, Kaikuk, eta Zumaia da bigarren, 57 punturekin. Zarautz Gesalaga Okelan hirugarren da, 44 punturekin, baina gertu du laugarrena, Deustu, 42 puntu baititu horrek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide