Erretratua

Mikrofono atzetik, fokupera

Maria Maya Manterola 2023ko abu. 17a, 09:00

Ilustrazioa: Karmele GorroƱo.

Irratian futbola kontatzen hamabost urte daramatza Maitane Urbieta zumaiarrak. Azkenaldian sona handia hartu du haren izenak, Europako Ligako partidak kontatzea egokitu zaiolako. Realzalea da, eta taldearen partidak irratiko entzuleei ikusgarriak egitea izaten da haren lana. "Kirol kazetaritzak duen askatasun horretan libre" sentitzen da Urbieta.

Eduki hau uztaileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Pistan gertatzen dena zuzenean entzuleei helaraztea eta kirolariak elkarrizketatzea izaten da bere lana, baina gaurkoan, Urbieta jarri da elkarrizketatuaren azalean. Aitortu du elkarrizketatzen aritzen dela erosoen: "Nahiago dut hizketaldia nik zuzendu".

Europako Ligako partidak irratiz ematen emakume bakarra izan da, eta horrek askotan eraman du Urbieta elkarrizketatuaren aldera. "Harrabotsa" sortu zuela dio, eta baita bolada batean bere izenak oihartzuna hartu zuela ere. Garaiotan hori albistea izatea bera seinale txartzat du, ordea: "Ez dut begi onez ikusten, XXI. mendean, emakume batek futbol partida bat kontatzea halako albistea izatea". Izan ere, Urbietak azaldu du ezagutzen dituela bere lan bera egiten duten emakumeak, eta horren atzean dagoena haiei lan hori egiteko aukerarik ez ematea dela. "Arazo bat erakusten du", iritzi dio.

Urbietak uste du berak aukera hori irratian hasi zenetik izan zuela. "Gure erredakzioan denak kazetariak ginen, eta ez genituen gauzak generoaren arabera banatzen. Egiten nituen gauzak, nire lankideek egiten zituzten bezalaxe. Orain dela hamar urte Bera Berak liga irabazi zuenean nik kontatu nuen; ez naiz sekula erredakzioan emakume izateagatik baztertua sentitu", esan du. Kontrara, gaiaz badakiela erakutsi behar izan du erredakziotik kanpo. Urbietak azaldu du beti kontatzen duela anekdota bera: "Osasuna Bigarren Mailan zegoenean, Extremaduraren aurka eduki zuen partida, eta hango kazetari batzuekin egin nuen Sadarreko kabinetarako bidea, eta txundituta geratu ziren. Galdetu zidaten ea nik zer nekien futbolaz, eta galdera hori ez lieke egingo beste gizonezko bati".

Kirol kazetariaren arabera, "irudi bat emateagatik" kokatzen dira batzuetan emakumezkoak mikrofonoaren aurrean, baina, emakumezkoen kirola erretransmititzea, esaterako, gehiago kostatzen da. "Etxeak ez du sinesten, zeren ez da benetako apustua egiten. Azalekoa da aldaketa", iritzi dio. Kirol kazetaritzan bakarrik ez, albistegietan ere aritua da Urbieta. Edonola ere, kirolari lotutako kazetaritzarekin sentitzen da erosoen: "Naturalago izateko aukera ematen dizu. Informatiboetan zuzena eta zorrotza izan behar duzu; ezin zara zu zeu izan. Kontaketak askatasun bat ematen dizu, zurruntasun horretatik atera zaitezke, eta ni askatasun horretan oso libre sentitzen naiz". Praktikak eraman du martxa hartzera, Urbietaren hitzetan: "Ez nuen espezializaziorik egin, kontatu ahala ikasi nuen". "Erraza" da Urbietarentzat bere lana, "ikusitakoa kontatzea" besterik ez baita harentzat: "Entzuten ari direnak ez dira ikusten ari, beraz, ikusgarria egin behar da. Saiatzen naiz ikusten dudan hori helarazten, eta futbol neurketa batek duen emozio eta pasio hori transmititzen". Jokalariak eta partidaren nondik norakoak dira aurrez kontaketarako prestatu ditzakeenak, kazetariaren arabera. Partidak "zer kontaturik ez badu", berriz, adituak "makulu onak" izaten dira, Urbietaren arabera. Kirolzalea ez dena beren saiora –Hiru Erregeen Mahaia– erakartzen saiatzen direla azaldu du, eta helburu hori lortzen dutelakoan dago kazetaria. "Giro ona dugu geure artean, eta hori ezinbestekoa da. Asteburuetan hamabost urte daramatzat lanean, eta nire lankideak ere egoera berean daude. Hor baldin bagaude, ondo pasatu eta ondo pasatuarazteko gaude. Gure artean dagoen lotura hori beharrezkoa da".

Urbietak "betidanik" entzun izan du irratia, eta uste du horregatik "barneratuta" daukala kontakizunak behar duena. "Talde batzuk ezagunak dira, eta beste batzuk, ez. Plantillak ateratzen ditut kontaketa aberasten duten datuekin, baina gainerakoa atera egiten da, eta sentitzen baduzu, askoz ere errazagoa da dena", dio.

Irratia piztuta, txikitatik

Urbietak gogoan du txikia zenetik irratia piztuta izaten zutela etxean: "Gauetan, hiru logeletan izaten genuen piztuta, eta igande arratsaldeak irratiari itsatsita gogoratzen ditut, Realaren partida entzuten". Aurten zendu den Iñaki de Mujikaren ahotsean entzuten zuten futbol zelaian gertatutakoaren berri, eta gogoan du "handitan" hura bezalakoa izan nahi zuela Urbietak: "Batzuetan ohartzen naiz amets hori bizitzen ari naizela, eta pribilegiatua sentitzen naiz".

Erredakzioan izan duten bekadun batentzat, berriz, Urbieta bera da erreferentea: "Bera ere emakumezkoa zen, eta nik uste dut emakumezkoek ikusten dutela ate bat zabaldu dutela. Prentsaurrekoetara joaten naizenean hamabost bat lagun egoten gara, eta bi gara emakumezkoak".

Hamabost bat urte daramatza Urbietak kirol kazetaritzan, eta atzera begira, Bera Berak liga irabazi zuenekoa du gogoan: "Castron nengoen, eta kontaketa egin nuen moduagatik zoriondu ninduen nagusiak. Egun polita izan zen, eta asko etorri dira haren atzetik". Realzalea da Urbieta, eta emakumezkoen taldearen Kopako partida kontatzea egokitu zitzaion Granadatik (Andaluzia, Espainia). Hura "egun berezia" izan zen kazetariarentzat, eta partidak ez ezik, gogoan du beren kontakizunak izan zuen oihartzuna ere. Gizonezkoen finalaz ere mintzo da: "Final deskafeinatua izan zen, zalerik ez zelako egon, eta han geundenok pribilegiatuak sentitzen ginen. Ez nuen kontaketarik egin, baina erretransmisioaren parte izan nintzen". Bere ibilbidearen "beste aro bat" izan da Realaren partidak kontatzearena. Duela bi urte jakinarazi zioten horretarako aukera izango zuela: "Ez da inoiz izan helburu bat, nahia baizik, eta beteta sentiarazi nau. Ez zidakeen frustraziorik sortuko ez lortzeak, baina orain lortu dudanez, bete egiten nau. Pena bakarra daukat: hori jakinarazi baino lehenago zendu izana nire aita. Irratizalea eta Realzalea zen aita, eta harekin partekatzen nuen nire ametsa. Bera gabe amets hau bizitzearen arantza daukat barruan". Partida berezietan gogoan izaten du Urbietak aita zena. 

  • Adina: 40 urte.
  • Ikasketak: Kazetaritza.
  • Lanbidea: Kirol kazetaritza.
  • Kirol kazetaria ez banintz... ez dut sekula b planik izan.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Lanera joan aurretik aprobetxatzen dut haizea hartu eta mendi buelta bat egiteko, ateratzen naizenerako ilunduta egoten delako.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide