Lan aparta egin du gaur Telmo Deunek Zarauzko urtetan. ETE ligako traineruak estropada irabazi eta bandera ekarri du etxera eta KAE1eko trainerua, berriz, erdiko txandako onena izanda, beste behin. Gainera, ohorezko txandako San Juanek baino denbora hobea egitea lortu du eta laugarren sailkatu da gaurko estropadan.
Emakumezkoen traineruari lotuta zehaztu behar da, era berean, gaur bildutako puntuekin Euskotren ligara igotzeko play-offerako txartela lortu dute matematikoki azken bi jardunaldien faltan. Azken aurrekoa bihar jokatuko dute, Bilboko uretan, eta azkena datorren astean, Erandion, eta Zumaiara beste bi bandera ekartzea eta liga Kaikuren aurretik amaitzea izango dute helburu.
Nolanahi ere, ez dute lan erraza izango lau puntukoa baita bi ontzien arteko aldea. Gaurko estropadak ere islatu du bi ontzien arteko lehia estu hori, berdinduta iritsi dira ziabogara eta helmugan lau segundoko aldea besterik ez dio atera Telmo Deunek Kaikuri.
Gizonak, aldiz, bosgarren amaituko dute liga. Bihar izango dute azken estropada Bilbon eta postu bat behera egiteko Zarautzek edo Camargok estropada irabazi eta azkena geratu beharko luke Telmo Deunek; izan ere, hamaika puntu ateratzen dizkie biei. Gora egitea, ordea, ezinezkoa du laugarrenak hamasei puntu ateratzen baitizkio.
Hori horrela, bihar ere erdiko txanda irabaztea izango da Telmo Deunen helburua. Gaur nagusitasunez lortu du Zarautzi hamar segundo aterata eta hogei Camargori.