Bigarren abiatuko da Telmo Deun gaurko Kontxako sailkatze estropadan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 31a, 12:45

Telmo Deuneko arraunlariak Donostiako portuko arranplan.

Faborito guztiak B multzoan arituko dira eta lan txukuna egiten ahaleginduko dira zumaiarrak ez ustekoa emateko.

Kontxako banderarako sailkatzeko atzoko emakumezkoen probaren ondotik, gizonezkoen txanda izango da gaur eta eskualdeko lau traineru izango dira zazpi txarteletako bat eskuratzeko lehiatuko direnak: Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia. Denboraldiko emaitzak aintzat hartuta, lehenengo biek izango dituzte aukera helburua lortzeko eta iazkoa errepikatzeko; izan ere, Eusko Label ligako sailkapenean lehenengo seien artean sailkatuta daude. Dena den, KAE1ean aritzen diren Zarautzek eta Zumaiak ere egingo dute ez ustekoa emateko ahalegina.

Atzo bezalaxe, gaurko proba ere 18:00etan hasiko da eta dagoeneko zehaztu dute traineruen irteera ordua. Eguerdian egin dute zozketa eta Zarautz izango da, hain justu, abiatzen lehenengoa. Enbataren atzetik egingo du Telmo Deunek. KAE1eko bi ontziak A multzoan arituko dira, eta, ondorioz, ez dituzte izango faboritoen B multzoan arituko diren traineruen erreferentziak izango.

B multzo, horretan, egingo du arraun Oriok, hain justu ere, baina haiek ere ez dute aurkari zuzenen erreferentzia egokiena izango aurretik abiatuko direlako. B multzoan lehiari ekiten bigarrena izango da Orio, hamalaugarrena orotara, eta atzetik abiatuko dira Zierbena eta Urdaibai, Eusko Label ligako oilarretako bi.

Kontrara, Getariak guztien erreferentziak izango ditu; zeren, erlojupekoa itxiko duen ontzia izango da. Esperantzaren aurretik abiatuko da sailkapena lortzeko eta bandera irabazteko beste faboritoetako bat: Hondarribi.

Hona hemen gizonezkoen Kontxako sailkatze probako traineruen hurrenkera:

  1. Zarautz
  2. Zumaia
  3. Lapurdi
  4. Tiran
  5. San Juan 
  6. Bueu
  7. Arkote
  8. San Pedro
  9. Elantxobe
  10. Mutriku
  11. Deusto
  12. Hibaika
    –2 minutuko tartea–
  13. Santurtzi 
  14. Orio 
  15. Zierbena
  16. Urdaibai
  17. Ares
  18. Lekittarra 
  19. Kaiku
  20. Sanmertolameu 
  21. Ondarru
  22. Cabo
  23. Hondarribi 
  24. Getaria

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide