Sorpresa eman, eta Kontxan sartu da Zumaiako Telmo Deun. Zer balorazio egiten duzu atzoko sailkapen estropadan lortutako emaitzaz?
Donostiako estropadak jokatzeko sailkatu nahi genuen, baina ez genuen espero laugarren postua eskuratzerik. Sailkatu ginela jakin genuenean oso gustura hartu genuen albistea, baina laugarren denborarik onena eskuratu eta play-offetan aurkari zuzenak izango diren Kaikuren eta Hibaikaren aurretik egin genuela jakin genuenean, are gehiago poztu ginen.
Zuk esana da itsasoa zakar egotea nahi zenutela, eta horrela izan zen. Horrek izan al zuen eraginik emaitzan?
Nahiago dugu itsasoko estropadetan itsaso zakarra egotea, ondo moldatzen garelako. Badirudi gure alde egiten dutela eguraldi eta itsaso zakarrak, eta asteazkenean ere horrela izan zen. Estropadan zehar atera genuen grinak eta amorruak eragina izan zuen emaitzan, eta lan polita egin genuela esango nuke.
Hala ere, patroiontzat lanak zaildu zituen itsasoak. Zer izan zen zailena?
Joaneko luzea konplexua izan zen, izugarrizko olatuak baitzeuden; traineruak ezin zuen gelditu ziabogara iritsi arte. Itzuleran, aldiz, patroiok lan asko egin behar izan genuen traineruak zuzen mantentzeko saiakeran, eta telebistatik ere ikusi zen ia guztiok arazoak izan genituela lan horretan. Hala ere, patroia ez dago bakarrik, eta arraunlarien lana ezinbestekoa da ontziaren norabideari eusteko. Uste dut asmatu genuela elkarlanean.
Nola ikusi zenuen taldea uretan?
Taldea oso gogotsu zegoen, eta oso ondo ikusi nuen. Entrenamenduetan ere lehiarako gogoa nabaria zen; ez geneukan besterik buruan. Oso kontzentratuta joan ginen Donostiara. Eguraldi txarra eskatu genuen, eta horrela egin zuen. Beraz, zera esan genuen: «Bai ala bai egin behar dugu». Eta horrela izan zen.
Kaiara iristean, zer sentipen izan zenituzten?
Ez nintzen lortutakoaren jabe. Jendearen babesa ikustean hasi ginen ohartzen Kontxako Bandera jokatzeko sailkatu ginela. Bertaratu ziren zaleen babesa handia izan den. Hala ere, azpimarragarria da Kaikuko neskek egin ziguten harrera. Portura iritsi ginenean txaloz hartu gintuzten, eta horrek erakusten du aurkariak izanagatik lehia osasuntsua dela gure artekoa. Gu ere asko poztu ginen haiek sailkatu zirela jakitean.
Igandera begira, zer aurreikusten duzue?
Oraindik ez dugu tarterik izan igandeko estropada baloratzeko. Dena den, uste dut, behin Donostiako estropadan sartuta, gure onena ematera joango garela. Asteazkeneko maila ematen saiatuko gara, baina badakigu gauzak txukun egin behar ditugula. Txanda berean Kaikurekin eta Hibaikarekin aritzea aukera ona izango da play-offen aurretik bakoitza zer mailatan dagoen ikusteko. Orio, aldiz, Kontxa irabaztera doa, eta haiekin lehiatzea beti da zaila, beste maila batean baitaude. Dena den, beraien parean jarrita, ez gara gutxiago sentituko.
Kontxara sailkatuta, zein dira zuen helburuak orain?
Azken asteetan estropada hau izan dugu buruan. Orain, gure helburua da datozen bi asteetan dena ematea, bai entrenamenduetan, baita traineru gainean ere. Denboraldiaurrea zukutzea nahi dugu, eta play-offetarako indarrak biltzea. Esperientzia honek horretan lagunduko digu. Bi igande polit ditugu aurretik, ingurukoak eta zaleak han izango baitira. Ikusi da ezustekoa eman dugula, eta play-offetan ere dena ematen badugu gora igo gintezke; horren bila goaz.