Kontxako kontsolazio txandarekin konformatu beharko du Zumaiak

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 3a, 12:20

Zumaiako arraunlariak Donostiako kaian. (Jabi Gonzalez Toston)

Lehenengo txandako hirugarrenak izan dira Orio eta Hibaikaren atzetik. Sailkapen orokorrean zazpigarren daude kokatuta Kaikuren aurretik.

Zumaiarentzat sari handia izan da Donostiako Estropadetara sailkatzea eta gaurkoan txukun lehiatu den arren, ezinezkoa izan du goiko postuetan aritzen diren traineruen pare aritzea.  Orio nagusi izan da lehen txandan, eta aise irabazi du bere estropada. Zumaia hirugarren izan da, baina play-off kanporaketan aurkari izango dituen ontziekin indarrak neurtzeko parada izan du: Hibaika aurretik helmugaratu da eta 7 segundo atera dizkio, baina Kaiku atzea utzi du, 11 segundora. Datorren astean, kontsolazio txanda ariko dira hirurak Hondarribiarekin batera.

Beharbada multzo apalena tokatu zaio Zumaiari eta hori bistakoa izan da bigarren txandan. Izan ere, hasiera-hasieratik erreferentzia onenak egiten hasi dira Donostiarrak, eta orpoz orpo jarraitu dute Arraun Lagunak eta Tolosaldea traineruek. Ziabogara Orio baino segundo batzuk azkarrago iritsi dira, eta hortik aurrera lehia bizia bezain ikusgarria eskaini dutek hirurek, non Tolosaldeak eman duen kolpea, estropada justugatik irabaziz.

Hala, Kontxako Banderako bigarren igandeko Ohorezko Txandan Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Orio ariko dira. Guztiak ere lauzpabost segundo eskasen bueltan amaitu dute, beraz, lehia irekia geratzen da oraindik ere. Elkarren arteko aldeak oso txikiak izanda, datorren astean hutsetik hasiko dela lehia adierazi dute talde guztiek.

Sailkapena

1. Tolosaldea  10:37.64
2. Donostiarra  10:37.82
3. Arraun Lagunak  10.39.80
4. Orio  10:42.30
5. Hibaika  10:57.22
6. Hondarribia  10:59.32
7. Zumaia  11:04.86
8. Kaiku  11:15.56

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide