Egun handia da gaurkoa arraunlarientzat, Kontxako Bandera eskuratzeko lehia izango dute gaurkoan Donostian. Telmo Deuneko emakumeen trainerua izango da lehena uretaratzen; lehenengo txandan jokatuko dute zumaiarrek, lehenengo kaletik. Oriotarrak, berriz, ohorezko txandan egingo dute arraunean, bigarren kaletik.
Alde batetik, emakumeek 11:00etan emango diote hasiera estropadari. Lehen txandan ariko dira Hibaika, Hondarribia, Zumaia eta Kaiku, eta ohorezko txandan, berriz, Tolosaldea –aurreneko jardunaldiko irabazlea–, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Orio.
Bestetik, gizonezkoen txanda 12:00etan iritsiko da: Getaria, Ondarroa, Zierbena eta Cabo arituko dira lehen txandan, eta ohorezko txandan lehiatuko dira Orio, Hondarribia, Urdaibai –aurreneko jardunaldiko irabazlea– eta Donostiarra.