Erretratua

Bitxiak, modako osagarri

Maria Maya Manterola 2023ko ira. 30a, 12:00

Ilustrazioa: Karmele GorroƱo.

Gizarte langilea zen Etxaniz duela bi urtera arte. Piercingak egiteko ikastaroa egin zuen orduan, eta lagunei zulaketak egiteari ekin zion; Greyline estudioan egiten ditu orain. Zulaketen arriskuez eta zaindu beharreko alderdiez aritu da iraileko Baleike aldizkarian.

Maripitxias deitzen zion amak txikia zenean. Libe Etxanizi "betidanik" gustatu izan zaizkio belarritakoak, lepokoak nahiz era guztietako bitxiak, baina ez zekien lan eremutik nola heldu "mundu horretara".

Lagunarteko bazkari batean suertatu zitzaion aukera. Julen Muñoz Greyline estudioko tatuatzailearekin hizketan ari zela, profesional sanitario izateko titulua ateratzea gomendatu zion hark, eta esan zion, piercing egile izateko, gero berak jarriko zuela kontaktuan ondo irakatsiko zion pertsona batekin. "Pentsatu nuen, ez banuen orduan egiten, ez nuela inoiz egingo, eta bi aldiz pentsatu gabe hasi nintzen ikastaroak begiratzen", dio Etxanizek.

Adin txikikoen zentro batean ordezkapenak egiten aritzen zen orduan Etxaniz, gizarte langile: "Hilabete batean lan asko eduki nezakeen arren, gerta zitekeen hurrengoan lanik ez egitea. Ez nuen ordutegi finkorik, eta aurreko astean jakiten nuen ordutegia. Gustatzen zitzaidan lana, baina asko mugatzen ninduen egunerokotasunean", azaldu du. Greyline estudioko harreran lan egiten zuen Aitziber Egibarrek baja hartu behar zuen orduan, eta ohartu zen hura ordezkatu eta piercingak egin, bi lanak, egin zitzakeela estudioan.

Profesional sanitario izateko titulua online eskuratu zuen, ikasketak etxetik eginez, eta Bartzelonara bidaiatu zuen gero: "Han estudio batean egon nintzen astebetez ikasten, ni bakarrik. Astelehenetik ostiralera egunean bederatzi orduko klaseak jaso nituen, eta larunbatean zulaketak dohainik eskaini genituen, nik praktikatzeko".

Zumaiara heldu zenean, ordea, bere kabuz hasi behar izan zuen zulaketak egiten, ez zegoelako "prest" estudio batean lanean hasteko. "Lagunei egin nizkien lehen zukaletak; zulatuta ditut denak", dio. Etxanizen ustez, "esperientzia pilatzen" ari da azken hilabeteotan, eta zulaketaren bat egiteko gai ez bada, ezezkoa ematen du, arazorik gabe.

Gogoan ditu lehen zulaketak. Erasmus programan ezagututako lagun bati egin zizkion belarri gingilean eta tragusean, irakaslearen eskuak bereen gainean zituela. Izan ere, Etxanizen ustez arrakala handia dago teoriaren eta praktikaren artean, eta desberdina da pertsona bakoitzaren anatomia, gainera. "Sudur denak eta belarri denak desberdinak dira. Gorputz atal normatibo batekin irakasten dizute piercingak egiten, baina gero, atal hori desberdina duen pertsona bat etor daiteke, eta ez da arraroa. Ikasi egin behar da egokitzen, eta pertsona guztiei ez die balio neurri bereko piercing batek", azaldu du.

Neurri eta mota askotako belarritakoz apaintzen dira gorputz atalak, baina oraindik ere belarrietako zulaketak dira ohikoenak, Etxanizen hitzetan. "Traguseko zulaketak egin ditut gehien. Eta septumean ere bai, sudurraren erdian. Oso zabalduta dago septumeko piercinga, baina egiteko zailena da: sudur barruan egiten da zulaketa, eta ez da ikusten orratza nondik sartzen ari zaren". Etxanizen arabera, erraza da zulaketa hori okerra egitea, eta berehala nabaritzen da, gainera, alboz eta aurrez aurre ikusten delako belarritakoa. "Mina egiten duela diote, baina ez da hala, ez dagoelako kartilagorik zulaketa egiten den lekuan. Ehun fin bat da septril-a", dio.

Adin guztietako bezeroak izaten ditu estudioan, baina ez da guztiei edozein lekutan zulaketak egitearen aldekoa. Hitz egiteko eta erabakiak hartzeko gai izatea da zulatzeko muga: "Haur bat ez da gai ohartzeko zer daukan, ezin duela ukitu, lotan kontuz ibili behar duela... Ez da higienikoa, eta gainera, haur baten belarri gingilak oso bigunak egon ohi dira. Denoi egiten dizkigute belarrietan zuloak txikitan, baina horrek ez du esan nahi ondo dagoenik". Hala eta guztiz, belarrietan zuloak egitea piercing egilearen lana izan beharko litzatekeela uste du. Etxanizen ustez, ospitaleetan edo farmazietan ez dira kezkatzen bi zuloak simetriko egiten, eta orratz batekin eta gertutik eginda, askoz zehatzago egin daitezke zuloak. "Umeak mugitu egiten dira, eta zer esanik ez jaioberriak. Hori ondo egiten ikasi duten pertsona bat badago, zergatik egin beste batek?", egin du galdera.

60 urtetik gorako jendeari ere egin dizkio zuloak Etxanizek. Gaur egun "apaintzeko modu bat" direla dio piercingak: "Aldatu egin da piercingaren kultura. Gaur egun, edonork ditu, jende ezagunak ere bai. Lehen, kaleko jendearen kontua zen: bekaineko piercinga, adibidez, hiri tribu batzuei oso lotuta zegoen. Lotura horiek lausotzen ari dira orain. Tatuajeekin berdin; lehen kriminalizatua zeuden".

Zulaketak egitea arriskitsua izan daitekeen galdetuta, argi du erantzuna Etxanizek. Norberak zertan ari den ez badaki, arriskutsua izan daiteke, ezbairik gabe: "Zulatzen duzun zainaren arabera, paralisi txiki bat eragin dezake. Jakin egin behar duzu zertan ari zaren". Etxanizi eskatu izan diote, adibidez, mingainaren bi aldeak batzen dituen piercinga egiteko, baina haren ustez, "arduragabekeria" litzateke zulaketa hori egitea: "Mingaina bi gihar taldetan banatuta daukagu, eta paraleloak dira. Horiek batuz gero, asko galtzen da mugikortasuna, eta dastamena ere gal daiteke".

Etxanizek dio "ohikoa" dela estudio batzuetan arduragabekeriaz jokatzea. Materialak balio handia dauka, haren ustez: "Material merkeena erabiltzen dute batzuetan. Ni zerbitzu bat ematen saiatzen naiz pertsona horri ahalik eta min gutxien egiteko. Orratz zorrotzak eta ezkoztatuak erabiltzen ditut, orratzaren eta piercingaren artean konexio ona egiten saiatzen naiz mina saihesteko, eta material biokonpatibleak erabiltzen ditut –garestiago izan arren, gutxiago gaiztotzen direlako zulaketak–". Etxanizek aipatu du materialek gero eta alergia gehiago eragiten dizkietela herritarrei, eta zauriak gaiztotzeko probabilitatea jaisteko material hobeak erabili beharra dagoela: "Horrek esan nahi du, bai nik, bai bezeroak, gehiago ordaindu behar dugula".

"Aurreiritzi hutsak"

Zulaketak egiten dituela argituta, beti galdetzen diote Etxanizi ea tatuajeak ere egiten dituen. "Hori izaten da lehenengo galdera. Alderantziz ez da gertatzen: tatuatzaileei ez diete piercingak egiten ote dituzten galdetzen. Piercinga tatuajearen barruan dagoen zerbait da jendearen ustez, baina ez daukate zerikusirik".

Etxanizek adierazi duenez, mesfidati galdetu izan diote ea zulaketak egiteko ikasi duen edota erremitak esterilizatzen dituen. Harentzat ezinbestekoa da arreta zuzena eta jarraipena: "Egunerokotasunari lotutako ofizioa da. Udan, esaterako, jende pila bat etortzen da, eta horiei arreta zuzena emateaz gain, jarraipena egin behar zaie. Batzuetan, deia jaso, etxetik atera eta hamar minutuan artatu behar izaten dut estudioan bezeroa". Horregatik ikusten du bere burua jardunaldi osoz piercing egile edo gizarte langile. "Oraingoz" gustura dago zulaketak egiten, eta ondo bidean, hala jarraituko du datozen hilabeteetan ere.

  • Adina: 26 urte.
  • Ikasketak: Gizarte Lana, Profesional Sanitarioa eta ikastaroa piercingaren hastapenetan.
  • Lanbidea: Piercing egilea.
  • Piercing egilea ez banintz… gizarte langilea.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… neguan afaria prestatu eta sofan jartzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide