Pulpoko senior emakumezkoek garaipenarekin estreinatu dute liga

Onintza Lete Arrieta 2023ko urriaren 1a

Senior nesken talde sortu berria.

BQD Pulpok etxean jokatu zuen atzo arratsaldean Gipuzkoako Emakumezkoen 1. Lurraldeko Txapelketa Egiaren aurka, eta 16-13 gailendu ziren zumaiarrak. Partidaren aurretik minutu bateko isilunea egin zuten Korta sendiari elkartasuna erakusteko.

Pozik egoteko moduan dira BQD Pulpokoak, garaipenarekin estreinatu direlako Gipuzkoako Emakumezkoen 1. Lurraldeko Txapelketan. Senior neskek Egia hartu zuten etxean atzo arratsaldean, eta 16-13 gailendu ziren. Hala, sailkapenean laugarren dira momentuz.

Hurrengo partida urriaren 8an, igandearekin, izango dute emakumezkoek, eta Txingudi izango dute aurrez aurre. Puntu kopuru berarekin, sailkapenean bigarren da Txingudi aste honetan Aloñamendiri 21-29 irabazita.

Bestalde, atzoko partidaren aurretik minutu bateko isilunea egin zuten Zumaiako kiroldegian, Korta sendiari elkartasuna adierazteko. Pulpo Eskubaloi Elkarteak sare sozialetan horrela azaldu zuen isilunea egitearen arrazoia: "Korta familiaren saminarekin bat egin nahi du Pulpok. Naroa, Adur eta klubean ditugun familiako kide guztien alboan egon nahi dugu. Asteburu honetan Pulpok jokatuko dituen partida guztien aurretik, minutu bateko isilunea izango da".

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide