Maite Benito eta Igone Urbieta fisioterapeutak dira Zarauzko Matia errehabilitazio zentroan. "Urte mordoa" daramate han lanean; Urbieta karrera amaitu eta berehala hasi zen bertan, "hilabete pasatu aurretik". "Ni geroxeago", azaldu du Benitok, "aurrena Zumaiako Talason ibili bainintzen lanean, asteburuetan". Hala ere, hemeretzi urte badaramatza jada Matian.
Errehabilitazio zentroa Zarauzko Nafarroa kalearen hasiera aldean dago, eta espazio irekia da. Noski, bulegoa eta gela itxiak ere badituzte lan zehatz batzuk egiteko. Baina harrera gunea, esaterako, egoitzaren erdigunean dago, eta haren bueltan, pazienteentzako esku-oheak han-hemenka, borobil antzeko bat osatuz. Erreportaje honetarako hitzorduaren unean, esku-ohe horietako batean masajea hartzen ari da gizonezko bat, beste batean emakume bat dago belaunean aparatu bat jarrita... Denek ikusten eta entzuten dute elkar. "Giro ona edukitzen dugu", azpimarratu dute fisioterapeuta zumaiarrek. "Talde bakoitza desberdina da, baina ordu batzuetan sekulako dinamika ederra sortzen da beren artean; orain eguerdietan dugun taldea, adibidez, polita da: aurrekoan batek olagarro zopa ekarri zuen probatzeko, beste batek gazta tarta beste batean...", kontatu dute.
"Nire ustez, jendeak lasaiago hitz egiten du hemen", azaldu du Urbietak. "Kalean ez zara minaz aritzen hain erraz, baina hemen aurkitzen duzun jendeak, zuk bezalaxe, zerbait dauka; ulertu egiten zaitu".
Lan giro atsegina dutela onartzen dute, eta horrela lan egitea "erraza" dela. Hori bai, egoera gogorrekin ere egiten dute topo; lagundu nahi bai, baina ezin denean, zaila dela kontatu du Benitok: "Gaixotasun degeneratiboak dira gogorrenak, ezin diezulako lagundu. Arindu egiten diezu sorbaldako edo ez dakit nongo mina, baina ikusten duzu jaisten-jaisten ari direla, eta ezin duzu ezer egin".
Momentu politena, berriz, paziente baten egoera hobetzen ari dela nabaritzea dela esan du Urbietak: "Askotan hobekuntza txikiak izaten dira, baina oso polita da. Esaterako, lurrera erori eta besoa apurtu duen emakume batek esaten dizunean gaur bera bakarrik joan dela komunera eta jantzi ere bakarrik jantzi dela, hori garaipen bat da, eta bi aste barrurako helburu berriak jartzen ditugu. Horrek poza ematen du". Benitorentzat ere horixe da politena: "Sari bat da".
Aldaketak errehabilitazioa egiteko moduan
Era askotako arazoak tratatzen dituzte Benitok eta Urbietak: paziente batzuk ospitaletatik joaten zaizkie traumatismoren bat izan dutelako edo operazioren baten ondoren errehabilitazioa behar dutelako; beste batzuek gaixotasun kronikoak dituzte, adinarekin erlazionatutako artrosiak eta higadurak, esaterako; eta gaixotasun degeneratiboak ere tratatzen dituzte. Paziente asko joan-etorrikoak dira, baina beste batzuek errepikatu egiten dute urtero edo bi urtetik behin; gaixotasun kronikoak dituztenak izan ohi dira.
Denek partekatzen dute, ordea, gauza bat: mina. Eta mina ez bada, mugimendu falta.
Errehabilitazioa adin guztietako pertsonek behar izaten dutela azpimarratu dute bi fisioterapeutek: "Erorikoa izan duten gazteak, hausturaren bat izan duten umeak... Osakidetzatik hona eratortzen dituzte zonalde honetako kasu gehienak".
Urteetan eskuekin ari dira lanean Benito eta Urbieta, baina isilik gelditu dira kazetariak galdetu dienean ea beren eskuek zainketa berezirik behar duten. Gero barrez hasi dira: "Oraingoz, ez!", esan dute. "Hemendik urte batzuetara agian geu izango gara pazienteak, baina...". Azaldu dute azken urteetan fisioterapian asko aldatu dela lan egiteko modua; pentsamolde aldaketa egon da errehabilitazioak nola egin diseinatzerakoan: "Eskuekin aritzen gara, noski, eta lana fisikoa da eta nekatzen gara, baina ez dugu denbora guztian lan mota bera egiten. Gainera, errehabilitazioan, gero eta garrantzia gehiago ematen zaio pazienteari ariketak eginarazteari eta mugimendu horiek ondo egiten erakusteari, baita luzaketak egiteari ere ". Beraiek ikasi zuten garaiarekin alderatuta, asko aldatu da lanbidea zentzu horretan. "Lehen esku lan gehiago egiten genuen, eta orain, bakoitzari pauta zehatzak eman eta horiek betearaztea da gure lana gehiago; pazienteak aktiboagoak dira orain, eta Matiatik ateratzean ere ariketak egiten jarraitu behar izaten dute".
"Jada ez da minarekin geldirik egon behar", azpimarratu du Urbietak, umoretsu.
Pazienteek ulertzen ote dute, ordea, lana norberak egin behar hori? "Pazienteek masajeak nahi dituzte; berdin du zer duten, hori da eskatzen dutena", azaldu du Urbietak. "Gero eta gehiago onartzen dute aldaketa, baina ariketak egitean beren oso gainean egon behar izaten dugu", gaineratu du Benitok, "bestela hori oso erraz uzten dute albo batera".
Beren lanak badu beste parte garrantzitsu bat ere: entzuten jakitea. "Eskertu egiten dute zuk entzutea, bai min edo arazoekin lotutako kontuak, bai bestelakoak", zehaztu dute. Hitz egiteko eta entzunak izateko behar hori batez ere adineko pertsonengan ikusten du Benitok: "Hona datozen adineko asko etxetik gutxitan ateratzen dira, eta hemen jendea dago hitz egiteko, entzuteko...". Urbietak azpimarratu du batzuentzat "asteko hiru irteera bakarrak" izaten direla Matiarako joan-etorriak. Etxera joateko irrikaz egoten denik ere izaten da, ordea: "Aurreko batean gizon bat hain pozik zegoen etxera bueltatzeko, orkatiletan ariketak egiteko jarritako pisu eta guzti abiatu baitzen anbulantziara, kar-kar-kar!".
Maite Benito
- Adina: 41 urte.
- Ikasketak: Fisioterapia.
- Lanbidea: fisioterapeuta Matia zentroan.
- Fisioterapeuta ez banintz… Osasun arloarekin lotutako zerbaitetan egingo nuke lan.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Mendi buelta bat eman edo korrika egin eta lagunekin egotea.
Igone Urbieta
- Adina: 37 urte.
- Ikasketak: Fisioterapia.
- Lanbidea: fisioterapeuta Matia zentroan.
- Fisioterapeuta ez banintz… Inoiz ez dut beste ezer planteatu.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Lagunekin egotea.