z da erraza hitz txar bat entzutea Agustin Etxaberen ahotik. Edalontzia erdi beteta ikusten duen pertsonetakoa da, rara avis bat ostalaritza munduan, eta lanean oraindik ere gozatu egiten duela dio, nahiz eta, hau azkar esaten den, 30 urte baino gehiago daramatzan mundu horretan lanean. Santiagoko hondartzako kantinan hasi zuen ibilbidea oso gazte zela. "Uda batean Santiagoko kantinan aritu nintzen lanean, nire lehengusu Arantxi Zendoiak eramaten zuenean". Uda sasoian han aritu eta gero Aginagalde tabernan hasi zen lanean, Patxanga bezala ezagunagoa zen ostatuan, hain zuzen. "Nelson eta Gaizkarekin [Fernandez de Arroiabe anaiak] hasi nintzen lanean, hasieran asteburuetan eta gero astegunetan ere bai. Familiako kide bat banintz bezala hartu ninduten; oso gustuko lana zen hura, jende jatorrarekin, eta han ikasi nuen tabernari ofizioa". Taberna Erribera kaleko eraikin zahar bateko etxabean zegoen, eta behin eraikina bota zutenean etxebizitza berriak egiteko, hor bukatu zen Patxanga zaharraren historia. Trapaia izan zen taberna haren jarraipena, baina beste historia bat da hori.
Lleidako (Herrialde Katalanak) mendietan lanpostu bat sortu zela jakin zuen Etxabek. "Herritar baten bidez jakin nuen Baqueira Beret eski estazioko taberna batean lana zegoela. Herriko taberna bat zen, eta herriko jendea bertaratzen zen: monitoreak, pistetan lan egiten zuen jendea... ez eskiatzera doazenak. Bertako familia batekin egon nintzen han, eta seme baten moduan hartu ninduten. Urtebete egin nuen han lan, oso gustura".
Pirinioetan urtebetez lan egin ondoren, Zumaian bueltan zela jakin zuen Luis Urteaga, Txikixa tabernaren jabea, jubilatzera zihoala. "Aginagalden nirekin aritu zen Gaizkarekin hitz egin nuen, eta bion artean hartu genuen Txikixa. Bospasei urte egin genituen batera lan, baina halako batean, Gaizkak erabaki zuen ostalaritzaz nekatuta zegoela, eta utzi egingo zuela; tabernarekin jarraitzeko esan zidan. Aurrera egin nuen kuadrillako lagun batekin, Mitxel Aizpuruarekin. Gure Txokoan egiten zuen orduan lan; hark ere aldaketa bat behar zuela eta nirekin hasi zen lanean; jabea nintzen ni, eta bera langilea". Hark beste lauzpabost bat urtez egin zuela lan du gogoan Etxabek. "Berak ere bere ikasketak zituen, bere gauzak, eta esan zidan ostalaritza munduarekin bukatu nahi zuela.
Txitxarro diskotetan eta beste leku askotan ere egon zen hura ere". Ordutik makina bat jende pasatu da Txikixa tabernatik. "Pandemia garaian zerrenda bat egin nuen eta 40 bat neska-mutil aritu dira lanean tabernan, ia denak Zumaiakoak. Getariako bizpahiru lagun ere ibili dira, baita Lezoko neska bat ere, Garazi; zorte handia izan nuen harekin, oso neska fina zen. Oraingoa beste ziklo bat da, eta beste jende bat daukat tabernan lanean. Egia esan, zorte handikoa izan naiz jendearekin, ez dut langile txar bat bera ere izan".
Ostalaritza munduan zabaldu den kritika edo iritzietako bat da gazteek tabernetan zerbitzari lanak egiteko gogorik ez dutela. Ez dago horrekin ados Txikixako jabea. "Nik hor zortea izan dut. Egia da jende euskalduna aurkitzea tabernan lan egiteko ez dela erraza. Gero, gazteak lanean mantentzea ez da erraza, eta ulertzen dut: orain ikasten daude, gero kanpora doaz, Erasmuseraeta, eta bizi ere nahi dute. Hori ondo dago. Ni hasi nintzenean, gaztetan, ordu pila bat sartu behar izaten genuen tabernan. Orain sei-zazpi gazte ditut hemen lanean, eta beraien artean egiten dute egutegia asteburuak-eta libratzeko. Horrela, ez dira hainbeste erretzen; beraien artean moldatzen dira, eta antolaketa ondo eramaten dute".
Lanarekin gozatzen
Urteekin lan karga arintzen ikasi duela ere nabarmendu du Etxabek. "Hogeita zazpi urte daramatzat taberna honetan: 1996ko abendu amaieran hartu nuen, eta 55 urte ditut jada; jubilazioan pentsatzen ere hasia nago! Orain beste modu batera egiten dut lan: goiz-eguerdian egoten naiz tabernan, eta arratsaldea eta gaua gazteei uzten diet. Orain gehiago gustatzen zait lan egitea, gozatu ere egiten dut: lehen, orain hamabost bat urte, askoz ere nekosoagoa zen: eguerdian etorri, arratsaldean berriz, eta gauera arte. Orain, goizez, badakit zein etorriko den, eta bezeroak ia lagunak ere bihurtzen dira. Batzuekin, bizpahirurekin, diskutitzen ere aritzen naiz, eta horrekin gozatzen dut. Bezeroekin harreman hori izatea ere ona da".
Garai ilunagoak ere bizi izan ditu, ordea, eta ez hain aspaldi; pandemiaren urteez ari da, noski. Hori izan zuen momenturik txarrena, inongo zalantzarik gabe. "Desastre bat izan zen, garai hori izan zen okerrena, dudarik gabe, eta taberna itxiko ote nuen ere pentsatu nuen.
Terrazetan kontsumitzea baimendu zutenean, ez nuen terrazarik; gero, barruan kontsumitzea zegoen, baina mahaietan eserita, eta nirea taberna txikia da, hiruzpalau mahai besterik ez ziren kabitzen, eta gehienez hamabi lagun eserita. Eguraldi txarra egiten bazuen, hori ere ez. Terraza presaka egin nuen, eta alde horretatik, eskerrak eman behar ditut, terraza mantentzen utzi didate eta. Hori asko da niretzako". Tabernari ofizioak bezala, Txikixa taberna berak ere aldaketak izan dituela dio Etxabek. "Lehen bezero finko batzuk izaten genituen; orduak egoten ziren taberna berean. Orain, goizez jende mota bat izaten dugu eta, gero, gauez, beste bat". Aldaketa hori Txikixan bakarrik ez, taberna guztietan gertatzen dela ere azaldu du Etxabek. "Txikiterorik jada ez dago; hori galdu da. Orain beste modu batera kontsumitzen da. Ostiral gauetan akaso galdu dena osteguneko pintxo-potearekin konpentsatzen dugu. Lehen pintxo gutxi izaten zen tabernetan, eta orain ez dago tabernarik pintxorik gabe. Dena aldatzen ari da, eta lehen ardoarekin ateratzen genuena, orain pintxoekin konpentsatzen dugu".
Urte hauetan guztietan aldatu ez dena Txikixa tabernak herriarekin eta herritarrekin duen harremana dela azpimarratu du haren jabeak. "Turismoa dela eta, gero eta jende gehiago etortzen da Zumaiara, baina nire kasuan, herrira begira enfokatu dut taberna, eta herriko jendeak beti erantzun du. Bailarako jendea ere etortzen da, Zestoakoa, Azpeitikoa, baina horiek ere niretzako bertako klienteak bezala dira. Hor ere zortea izan dut", dio du Etxabek irribarre batekin.
Tabernari ofizioak bere alde ilunak eta zailtasunak dituela jakitun da Etxabe, esperientzia badu horretan: "Garai txarrak daude, noski, baita onak ere. Egun txar bat duzula? Hurrengoan berriro aterako da eguzkia. Aurrera jarraitu behar da". Bere izaera da, edalontzia beteta ikusten duen pertsonetako bat da Agustin Etxabe.
- Adina: 55 urte.
- Ikasketak: Oinarrizko Hezkuntza Orokorra.
- Lanbidea: Tabernaria.
- Tabernaria ez banintz… Ez dut inoiz beste ezer izateko asmorik eduki. Gaztetan hasi nintzen tabernari lanetan, eta hala jarraitzen dut.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Irakurtzea. Mugikorraren bidez hasi nintzen irakurtzen pandemia garaian, eta Algorriraeta joaten naiz irakurtzera.