Pozik egoteko arrazoiak ditu Zumaia Cuban Boxing klubeko buru eta entrenatzaile Ruben Arredondok. Izan ere, klubeko bi boxeolarik, Jaredek eta Maduk garaipenak lortu zituzten larunbatean Gasteizeko Mendizorrotzan jokatu ziren Euskadiko boxeo txapelketarako kanporaketetan.
Jaredek, 63 kiloko kategorian, dominatu egin zuen jokatutako hiru roundetan, distantzia erdiko boxeo teknikoan. Madyk, berriz, 63,5 kiloko kategorian, kalitatezko boxeoa erakutsi zuen eta nagusi izan zen bigarren eta hirugarren roundetan.
Datorren larunbatean jokatuko dira Euskadiko txapelketako finalak, eta Zumaiako kluba hiru boxeolarik ordezkatuko dute: Jared, junior mailan, 63 kilotan; Eliezer, gaztetan, 75 kiloko kategorian; eta Mady, elite mailan, 63,5 kilotan. "Dena ematera goaz, historia egitera", nabarmendu du Arredondok.