Boxeo gaua izango da ekainaren 1ean Aitzuri pilotalekuan

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 12a, 15:22

Zumaiako boxeolariak Ruben Arredondo prestatzailearekin. (Zumaia Cuban Boxing)

Zumaia Cuban Boxing klubak antolatutako hitzordua amateur mailako zazpi borrokaldiz osatuko da, bost gizonen artekoa eta beste emakumeenak.

Boxeo jaialdia antolatu du Zumaia Cuban Boxing klubak ekainaren 1erako. Aitzuri pilotalekuan izango da 19:00etan hasita eta amateur mailako zazpi borrokaldiz osatuko da. Horietatik bost gizonen artekoak izango dira eta bi emakumeen artekoak. Sarrerak astelehenetik aurrera izango dira salgai Lubaki kiroldegian, 15 euroan.

Zumaiako klubeko borrokalariek ez dute hutsik egingo eta herrian borrokatuko dute, besteak beste, gazte mailako Euskadiko txapeldun Eliezer Chavarriak, 75 kiloko kategorian; junior mailako Euskadiko txapeldun Jared Chavarria, 63 kilotan; eta elite mailako Euskadiko txapeldunorde Mady Diame, 64 kilotan.

Eliezer Chavarriak Errioxako (Espainia) txapeldun Alejandro Perez izango du aurkari, Jared Chavarriak Alvaro Lafuente nafarra, eta Madyk Maikel nafarra. 

58 eta 63 kiloko kategorietako borrokaldi bana izango da emakumeen artean. Beste bi borrokaldiak, gizonezkoetan, 78 kiloko eta 92 kiloko kategorietan izango dira.

Zumaiako klubeko boxeolariez gain, Errenteriako Team Latigo eta Paco Bueno, Donostiako Anoetako, Irungo, Nafarroako Nafar Sustraiak, eta Errioxako Logroño klubetako kirolariak izango dira Zumaiako boxeo gauan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide