Herri burujabea helburu, Zumaian bizi eta lan izenburupean, jardunaldiak antolatu ditu Alberga elkarteak. Zumaiako ekintzailetza kolektiboak saretu eta sustatu asmoz sortu zen elkarte hori, eta elkarlan gunea zabaldu ondoren, hizketaldi sorta batekin dator.
Datozen hiru asteazkenetan izango dira saioak Hogarreko hirugarren solairuan. Bihar, hilak 22, lurraldeaz eta burujabetzaz arituko dira OlatuKoopeko, Beterri Saretuzeko eta Albergako kideak. Herria eta zaintza lanak izango dituzte hizketagai bigarren saioan, hilaren 29an, eta saio horretarako, Mes que cures, Bizitza zaintzeko eta Zaintzen duen Zumaia kolektiboetako kideak gonbidatu dituzte. Hirugarren eta azken saioan, komunitateaz eta sareaz arituko dira Azpeitiko Elikagunearen eta Aginaga Biziberritzen Herri Kooperatibaren eskutik.
Saio guztiak 18:30ean izango dira. Euskaraz izango diren arren, antolatzaileek argitu dute itzulpengintza zerbitzua ere eskainiko dutela.