Boxeo borrokaldiak hartu zituen zapatu arratsaldean Aitzuri pilotalekuak. Zazpi borrokaldi izan ziren guztira, denak ere amateut kategoriakoak, eta hirutan herriko Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolariak izan ziren protagonistak. Klubeko entrenatzaile eta buru Ruben Arredondoren hitzetan, "ondo merezitako" garaipenak lortu zituzten.
63 kiloko kategorian, Euskadiko txapeldun Jared Chavarria aritu zen. Erritmo handiarekin ekin zion borrokaldiari eta haren kolpeei ezin izan zion erantzun bere aurkariak; bigarren rounderako erretiratu beharrean aurkitu zen. 75 kilotan, Eliezer Chavarriak, hau ere Euskadiko txapelduna, erdi mailako distantzian eta hurbilekoan boxeolari handia dela erakutsi zuen eta lehen rounderako irabazi zuen borrokaldia kolpe indartsu batekin aukaria KO utzi ondoren. 64 kiloan, berriz, Euskadiko txapeldunorde Mady Diamek KO teknikoagatik irabazi zuen bere borrokaldia. Kontrol handiko boxeo teknikoa erakutsi zuen, eta hirugarren roundean KO utzi zuen bere aurkaria eskuineko bolea baten ondoren.
Arredondo pozik zen bere boxeolariek erakutsitako mailarekin. "Emaitzekin pozik gaude eta lan ona egiten ari gara. Orain, Espainiako boxeo txapelketara joango gara Eliezer eta Jaredekin; lehena gazteen kategorian arituko da, 75 kiloan, eta bigarrena juniorretan, 63 kilotan".
Boxeo klaseak udan ere
Klubeko zuzendariak gaineratu du klaseek udan ere jarraituko dutela, "ekainean eta uztailan, astelehen eta asteazkenetan 10:45etik 11:45era, eta astearte eta ostegunetan, 19:30etik 20:45era".