Guka aurkeztu zuen maiatzaren 20an Urolako Komunikazio Taldeak (UKT), erakundeei zuzendutako ekitaldian, eta, orain, bazkideen, kolaboratzaileen, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkezteko unea heldu da. Izan ere, marka herrira zabaltzeko asmoz, Gukakide festak antolatu ditu UKTk datozen asteetarako. Bost herritan prestatu dituzte jardueraz betetako egitarauak: Azpeitian, Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, hain zuzen ere. Ekitaldiak herri horietan soilik egingo badituzte ere, eskualdeko herritar eta Guka markaz gehiago jakin nahi duen oro dago gonbidatuta Gukakide festetara.
Guka markaren herriratzeak bat egin du Zumaian Baleike herri hedabidearen 30. urteurrenarekin, eta beraz, ospakizun borobila izango da Zumaiakoa. Gukak hartuko du Baleikeren lekukoa, baina izena aldatu arren, berbera izaten jarraitzen du proiektuak, eta Baleiketik Gukara egindako bide hori irudikatuko dute ekainaren 15eko festan.
Herriko talde eta norbanakoekin batera antolatutako festa izango da, eta haur zein heldu, herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Itzurun hondartzan elkartuko dira 19:00etan, eta handik abiatuta Eusebio Gurrutxaga plazara bitarte, kalejira egingo dute. Tartean, dantza, musika, txaranga, bertso nahiz trikiti eta pandero emanaldiak izango dira, eta gero, 20:30ak aldera, Eusebio Gurrutxaga plazan argazki txokoa eta sardinak parrillan izango dituzte bertaratzen direnek. Amaia plazan jarraituko du ospakizunak: 22:00etan, Rodeo eta Loti DJaren emanaldiak izango dira han.
Hona hemen, Zumaiako Gukakide festaren egitaraua:
- 19:00etan Itzurun hondartzan: Zumaiako adar joleak, Zutrik trikitilari taldea eta antzerkia Goiz Eder Iturain eta Esti Curielekin.
- 19:25ean Ondartxo plazan: Astindu dantza taldearen emanaldia.
- 19:40ean Errotako izkinan: Akaleiaren emanaldia.
- 19:55ean Kofradian: Zumai txarangaren eta Musika Bandaren saioa eta kalejira.
- 20:05ean Erribera kalean: Bertso Eskolako ikasleen saioa.
- 20:20ean kalejira, Eusebio Gurrutxaga plazara.
- 20:30ean Eusebio Gurrutxaga enparantzan: argazki txokoa eta sardinak parrillan.
- 22:00etan Amaia plazan: Rodeo eta Loti DJaren musika emanaldiak.