Euskal Herriko eskubaloi jokalari txikiak, Zumaian bat eginda

Maria Maya Manterola 2024ko eka. 16a, 16:00

Kimuen mailako jokalariek partidak jokatu dituzte Lubakin, Aita Mari futbol zelaian, Zumaienan nahiz Herri Eskolakoan. 

Ospakizun hilabetea da ekaina Pulpo Eskubaloiarentzat. Izan ere, kluba sortu zenetik mende erdia igaro da, eta urteurren horri lotuta, zenbait jarduera antolatu dituzte hil honetarako. Joan den ostiralean, esaterako, Gipuzkoako Kirol Gala Zumaian izan zen, eta klubeko lehenengo taldeei egin izan zieten aitortza han: 1974an sortutako Pulporen lehenengo taldeari, jubenil mailako gizonezkoena, eta, 1979an sortutako emakumezkoen lehen taldeari, Kadete mailakoa eta Espainiako txapeldun izatera heldu zena. 

Gaur, berriz, Pulpo Txiki eguna izan da, eta kimuen mailako Euskal Herriko klubetako jokalariak nahiz Espainiatik heldutakoak elkartu dira herrian. Bost jokalariko taldeen partidak jokatu dituzte Aita Mari futbol zelaian, eta talde osokoak herriko leku desberdinetan: Zumaienan, Lubakin, Herri Eskolako frontoian eta ondoko aterpean. Jarraian, parte hartzaileentzako parkea eta mokadutxoa izan dute.

Datorren asteburuan ere izango da zer ospatua. Izan ere, karpa bat ezarriko dute Beheko plazan, garagardo azoka egiteko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide