Osasungintzarekin lotutako gaiak aztertu dituzte hilabete honetan ere Zumaiako Udaleko osoko bilkuran. Duela hilabete Zumaiako Osasun Zentroan bizi zuten egoera izan zuten mintzagai; atzo, berriz, Ekaineko ohiko udalbatzarrean, Zarauzko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG) inguruan Zarauzko bizilagun batek aurkeztu eta EH Bilduk plenora eramandako mozioa debatitu zuten.
Zarauzko Osasun Zentroan kokatutako zerbitzu honek larrialdiak artatzen ditu iluntze-gauetan (17:00etatik 08:00etara) astegunetan, eta jai egun eta asteburuetan 24 orduz zabalik izaten da. Larrialdiren bat izanez gero, Zumaiako bizilagunek Zarauzkoa dute erreferentziazko gunea.
Mozioan irakurri daitekeenez, egoerak okerrera egin du azken urtebetean. Zarauzko Osasun Zentroan lan egiten duen bizilagun batek atzoko bilkuran kontatu zuenez, "batzutan ez dugu sendagilerik, eta erizainak eta zeladoreak besterik ez gaude. Arazo batengatik etortzen direnak Donostiako Ospitalera bideratu behar izaten ditugu, edo hurrengo egunean etortzeko esan, sendagileren bat dagoenerako". Uda sasoian arazoa areagotu egingo delakoan zegoen Zarauzko anbulatorioko langilea. "Asko igarriko dugu eskasia, eta hemendik [Zumaiatik] joaten direnak ere Donostiako larrialdietara bidali beharko ditugu".
Langile honek, baita mozioak ere, zerbitzua pazienteei bere osotasunean eskaintzea eskatu zuen, "sendagileekin, erizainekin eta zeladoreekin".
EPEa Zumaiako plazak betetzeko
Mozioaren aurrean bere alderdiak aldeko botoa emango zuela iragarri ondoren, pasan den astean orduko Osasun Sailburu Gotzone Sagarduik igorritako gutuna gogoratu zuen EAJko zinegotzi Ainhoa Illarramendik. Idatzi horretan jasotzen denez, Zumaian zerbitzua eman behar duten sei sendagileetatik biren plaza geratzen da betetzeko, orain baimenarekin dagoen mediku bat udazkenean bueltatuko delako. EAJko zinegotziak plenoan esandakoaren arabera, sendagileen bi plaza horiek eta pediatra batena, Enplegu Publiko Eskaintzan (EPE) atera du Jaurlaritzak, eta urte amaierarako beteta egotea aurreikusten dute.
Era berean, Illarramendik azaldu zuenez, Osakidetzako arduradunek Zumaiako EAJri esan diote Zumaiako Osasun Zentroan arratsaldez lan egiteko inor ez dutela aurkitzen. "Ahalegin guztiak egiten ari direla badakigu", esan zuen zinegotziak. Uda sasoian zailtasunak izango direla ere aurreratu zuen, oporrak hartzeaz gain, Zumaian gaur egun errefortzua eskaintzen ari diren sendagileak (Zarauzkoak eta Donostiakoak) beraien plazetara itzuliko direlako.
Sagarduik bidalitako gutuna ere gogoratu zuen Iñaki Ostolaza alkateak bere hitzartean. Behin Zumaiako Osasun Zentroko zuzendariarekin kontrastatuta, han ezaten zena egia ez zela esan zuen alkateak bilkuran. "Ez daude bi plaza betetzeko, lau baizik". "Egiturazko arazo baten aurrean gaude. Zorionez, orain onartu dute arazo bat dagoela eta konpondu behar dela. Baina, arazoak aspalditik datoz, lehen arretako beharrak ez direlako ondo bete", azpimarratu zuen.
EAG-ekin zer egin jakin ez
Ostolazaren iritziz, Jaurlaritzak ez daki zer egin Etengabeko Arreta Guneekin. "2011tik datorren kontu bat da. Batzuk itxi dituzte; beste batzuetan ezin izan dituzte zerbitzuak murriztu horren aurkako herritarren mobilizazioak egon direlako". Alkatearen esaneran, COVID-19aren izurritearen garaian EAG batzuk itxi zituzten, eta pandemiaren ondoren gune horietako batzuk eskaintzen dituzten zerbitzuak murriztu dituzte. "Zarautzen hori ari da gertatzen: une batzuetan sendagilerik ez dago, murrizketak egin dituzte eta gero itxi egingo dute".
Osakidetzak EAG-ak ixteko duen asmoa "gezurra" dela erantzun zion EAJko zinegotzi Xabier Odriozolak, eta aurrez bere alderdikide Ainhoa Illarramendik esandakoa gogoratu zion. "Mediku falta arazo bat da. Jaurlaritza organigrama ahalik eta obekien betetzen ari da, eta espero dute Zumaiako arazoak urte amaierarako konponduko direla".
Iritziak iritzi, Zarauzko Etengabeko Arreta Gunearen inguruko mozioa aho batez onartu zuten EH Bildu (9), EAJ (6) eta PSE-EE (1) alderdietako zinegotziek.