Olinpiar Jokoak 2024

Olinpiar Jokoetan izango da Kauldi Odriozola

Gorka Zabaleta 2024ko uzt. 7a, 20:35

Espainiako eskubaloi selekzioko hautatzaile Jordi Riberak gaur arratsaldean eman duen zerrendan da Kauldi Odriozola. Parisko Jokoetarako txartela lortu duen bigarren zumaiarra da, Janire Gonzalez Etxabarrik surfeko txapelketan hartuko baitu parte.

Kirolari guztien ametsa betetzeko moduan da Kauldi Odriozola, uztailaren 26tik aurrera Parisen jokatuko diren Olinpiar Jokoetarako deitu baitu Espainiako Selekzioak. Gaur arratsaldean jakinarazi du hautatuen zerrenda Jordi Ribera selekzionatzaileak, eta azken urteotan egin duen ibilbidearen saria jaso du Odriozolak. Espainiako selekzio nagusiarekin zilarrezko domina lortu zuen 2022ko Europako Txapelketan, eta brontzezkoa 2023ko Munduko Txapelketan. Orain, goi mailako txapelketen zirkulua borobiltzeko aukera izango du Parisen.

Urte zaila izan du jokalari zumaiarrak, urte hasieran hankeko lesioa izan baitzuen Europako Txapelketan. Denboraldiko azken txanparako osatu zen, baita sasoia berreskuratu ere; baina, zoritxarrez, berriro min hartu zuen Espainiako selekzioarekin jokatutako partida batean. Zorionez, garaiz osatu da, eta Jordi Riberak beregan duen konfiantza berretsi da Olinpiar Jokoetarako deialdiarekin.

Bi zumaiar Parisko Jokoetan

Zumaiar bat ez, bi izango dira aurten Parisko Jokoetan, aurrez Janire Gonzalez Etxabarrik lortu baitzuen surfeko txapelketan parte hartzeko txartela. Janirek eta Kauldik, biek hartuko dute azken bi Olinpiar Jokoetan parte hartu duen Iñigo Peña piraguistaren lekukoa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide