Sagardo dastatzea eta hanburgesa festa izango dira gaur Narrondon

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 12a, 12:00

Asteazkenean hasitako sankristobalek gaurtik aurrera izango dute jarraipena Narrondo auzoan.

Herenegun, San Kristobal eguna, Narrondoko jaietako lehen txanda izan zuten auzotarrek. Atzoko atseden egunaren ostean, gaur ekingo diete sankristobaletako festa egitarauari.

19:00etan hasita, sagardo dastaketa izango dute auzoan jarritako karpan. Dena edatea ez dela-eta, pintxoez lagundutako dastatzea izango da. 21:00etatik aurrera, berriz, erromeria izango dute Izer eta Alabierrekin.

Gaur arratsaldez baita ere, baina Gure Ametsa elkartean, III. Hanburgesa festa egingo dute 19:30etik aurrera. Elkarteko lagunek adierazitakoaren arabera, elkarteak taberna bezala egingo du lan festek irauten duten bitartean. 

Larunbateko eta igandeko egitaraua

Uztailak 13, larunbata.

  • 15:00. Mus eta eskoba txapelketak. Izen-ematea 15:00etan da, eta txapelketen hasiera 15:30ean. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko da musean jokatzeko, eta 12 euro eskoban.
  • 20:30. Sardina jana. Sardinak doan eta saiheskia eta edariak ordainduta.
  • 22:30. Fan & Go erromeria.

Uztailak 14, igandea.

  • Goizean, II. Artisau azoka eta taloak.
  • Egun guztian zehar, Jagoba eta Maddalen trikitilariak.
  • 12:30. Herri Kirol jaialdia. Aizkoran, Julen Gabilondo eta Suharri Paolla, Ugaitz Mugerza eta Arantza Mugerzaren aurka. Egin beharreko lanak: aizkoran, zortzi enbor etzanda eta bi enbor zutik, trontzan zortzi enbor eta korrika hogei itzuli. Harri jasotzen, Karmele Gisasola, Aritz Norde eta Urdax.
  • 14:00. Bertso bazkari herrikoia, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin. Izena emateko 639 33 27 82 zenbakira deitu edo batzordeko norbaiti jakinarazi. Bertan prestatutako paella, bakailaoa tomate eta piperrekin, tarta, izozkia eta kafea (30 euro) edo paella eta izozkia (6 euro).
  • Jarraian, Jagoba eta Maddaren trikitilariak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide