Jolasak eta musika izango dira larunbatean Kuadrilla Egunean

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 14a, 12:00

Gaztetxoentzako parkea eta haurrentzako festak izango dira zapatuan, baita Dardara Fest jaialdiko kontzertuak ere. 

Abuztuko lehen asteburuko Gala Gauaren eta bigarren asteko Euskal Jai Egunaren ondoren, hileko hirugarren asteburuan Kuadrilla Eguna ospatuko da Zumaian. Datorren larunbatean egingo da, eta kuadrillak, gazte taldeak, kolore bereziko kamisetak soinean dituztela aterako dira kalera.

Herritarrak eguerdirako kalean izango badira ere, arratsalderako antolatu dituzte egun honi lotutako ekitaldiak. Hala, 17:00etan hasita eta 20:00ak arte, gaztetxoentzako parkea izango da Odietan. 12 urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dute atrakzioarekin. Ordu erdi beranduago, 17:30ean, haurrentzako Mugi Boogie festa egingo da Kofradian.

Musikak presentzia handia izango du aurtengo Kuadrilla Egunean ere. 18:30ean EZK txarangaren kalejira egingo da herriko kale eta plazetan zehar, eta 19:30ean Dardara Fest musika jaialdiari hasiera emango diote Amaiako plazan. Lehen txandan Sioqué eta Dead Sequoia taldeak arituko dira. Bigarrenean, afalostean, 22:00etan hasita, Ithaka, Leihotikan eta Eire. Bitartean, 22:30ean hasita, diskofesta izango da Kofradian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide