Telmo Deuneko arraunlariek "kezka" adierazi dute zuzendaritzak kluba kudeatzeko duen gaitasunaz

Ihintza Elustondo 2024ko abu. 22a, 15:07

Gizonen Telmo Deun taldea. (IƱaki Aristi)

Joan den astean amaitu zuten denboraldia KAE1 ligako arraun taldeek, eta Zumaiako Telmo Deunek bigarren postuan amaitu du sasoia. Beraz, berez igoera fasea jokatzeko moduan izango zen taldea, baina klubak horretarako izenik eman ez duenez, ez da posible izango. "Uste dugu zuzendaritza hau ez dela arraun kluba behar bezala kudeatzeko gai", adierazi dute arraunlariek.

Zumaiako Telmo Deun arraun klubeko gizonezkoen traineruak ezingo du Eusko Label ligara igotzeko play off-ean parte hartu, nahiz eta denboraldi ezin hobea egin duen. Izan ere, Telmo Deuneko senior mailako gizonezkoen taldeak berak uztailean hedabide honetara bidalitako gutunean jakinarazi zuenez, klubak ez zuen izena eman igoera fasea jokatzeko. "Pasa berri den maiatzaren 24an TKE ligak 2024 denboraldiko igoerako play off-ean izena eman duten arraun elkarteen behin betiko zerrenda argitaratu du, eta gure taldea bertan ez ikusteak atsekabe handia sortu digu zuzendaritzaren partetik", adierazi zuten orduan.

Joan den astean amaitu zuten denboraldia KAE1 ligako arraun taldeek, eta Zumaiako Telmo Deunek bigarren postuan amaitu du sasoia. Beraz, berez igoera fasea jokatzeko moduan izango zen taldea, baina klubak horretarako izenik eman ez duenez, ez da posible izango. Orain bezala, minduta azaldu ziren lehen ere arraunlariak: "Ez zaigu bidezkoa iruditzen zuzendaritzak izena ez ematea erabakitzea eta, gainera, inolako azalpenik ez ematea".

Bilera zuzendaritzarekin

Orain, liga amaituta, arraunlariek bilera eskatu diote zuzendaritzari, eta herenegun elkartu ziren bi aldeak. Arraunlariek azaldu dutenez, igandean bertan jakin zuten entrenatzaileak ez duela jarraituko datorren sasoian, eta jakin egin nahi zuten zer arrazoi egon den entrenatzaileak bere ardura uzteko. Horrez gain, play-off-aren kontuarekin gertatu denaz ere hitz egin nahi zuten arraunlariek, baina azaldu dute "betiko azalpena" jaso zutela bileran: "Esan ziguten zalantza handiak izan zituztela apuntatu edo ez, eta ohartzerako data pasatu zitzaiela". Arraunlariek gogorarazi dute emakumeak apuntatuta daudela igoera faserako, baina gizonak ez.

Arraunlarien arabera, bilera hartan presidenteak esan zuen "errua berea" zela, baina horrekin ez daude guztiz ados, zuzendaritza kide gehiagok ere osatzen dutelako. Sentipen kaskarrarekin atera ziren arraunlariak bileratik: "Uste dugu zuzendaritza hau ez dela arraun kluba behar bezala kudeatzeko gai; kezkatuta gelditu ginen", adierazi dute.

Hedabide hau saiatu da Telmo Deuneko presidentearekin harremanetan jartzen, baina ez du erantzunik jaso.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide