Pozik, baina lasai. Kike Manterola Telmo Deuneko nesken traineruaren entrenatzaileak hala egin dizkio aurreneko adierazpenak Gukari Portugaletetik (Bizkaia), Euskotren ligara igotzeko txartela eskuratu berritan. Atzo Bermeon (Bizkaia) eta gaur Portugaleten jokatu dituzte igoerako play-off estropadak, eta bietan taldeak egindako lanarekin gustura da entrenatzailea, nahiz eta gaur asko sufritu behar izan duten azken unera arte. "Atzoko estropada ehunenekoengatik galdu genuen, eta puntu bat galdu izanaren pena hori gelditu zitzaigun, baina tira. Gaur, berriz, arrisku handia egon da, Chapelak bigarren egiten bazuen kalera gindoazelako antzeko segundoetan ibili arren". Zumaiarrek nahiago dute itsasoa errioa baino, eta atzo, itsasoan, argi gelditu zen Chapela baino gehiago direla erriotik kanpo, segundo askoko aldearekin gailendu zitzaizkielako. Gaur, ordea, oso berdinduta ibili dira Astillero eta hirurak, eta azken unera arte ez da argitu nork lortuko zuen Euskotren ligako bigarren txartela Astillerorekin batera.
Entrenatzaile zumaiarrak azpimarratu du denboraldia "gogorra" izan dela oso, batez ere hainbat estropada ehunenekoengatik ez dituztelako irabazi; gero Kontxara ez ziren sailkatu, orduan ere ehuneneko gutxi batzuengatik, eta atzo, gauza bera gertatu zitzaien. "Zazpi estropada dira horrela galdutakoak, gogorra da taldearentzat", esan du.
Iaz bezala, Zumaiak aurten ere denboraldi dotorea egin du ETE ligan, eta hasieratik izan dute buruan play-offetara iristea, helburua Euskotren ligara itzultzea zelako. Kostata, baina lortu da: "Azken bost urteetan agian laugarrenez jokatu ditugu play-offak, eta azkenean lortu beharra zegoen igoera".
Manterola 2010-2011 denboralditik da nesken taldearen entrenatzailea. 2015ean jokatu zuten Euskotren ligan azkenekoz, hurrengo urtean trainerua atera gabe gelditu zirelako. 2019ra arte ez zen osatu taldea, eta ordutik ETE ligan aritu dira, beti gora igotzeko helburuarekin.
Igoera hau berak egindako lan guztiaren saria ote den galdetuta, arraunlariez mintzatu da, umil: "Bai. Talde gaztea daukat, gainera, berria. Euskotrenen ibilitakoak bi bakarrik izango ditut taldean, eta besteentzat kristorena da igo izana, ikaragarria".
Gaur 19:00etan egingo diete arraun zaleek merezitako harrera arraunlariei, Kofradian.