Egun handia da gaurkoa Telmo Deun arraun elkartearentzat, emakumeen trainerua Euskotren ligara itzuliko baita datorren denboraldian, gaur Portugaleteko itsasadarrean berriro ere sekulako estropada egin ondoren. Atzo Astillero gailendu zitzaion Zumaiari ehuneneko batzuengatik, eta gaur gauza bera gertatu da. Chapelak ere sekulako estropada egin du, ordea, eta zumaiarrek dena eman behar izan dute haien aurretik helmugaratzeko. Azkenean, bi segundoko errenta atera die Zumaiak Chapelari, eta bigarren postua poltsikoratu dute.
Estropada osoan egon dira denborak oso berdinduta aurreneko hiru sailkatuen artean, eta hainbat unetan aurretik ibili da Chapela bera ere. Zumaiak ezin zuen igoerako txartelik lortu hirugarren egiten bazuen gaur, eta lan handia egin behar izan dute Kike Manterolaren neskek.
Azkenean, bi estropadak kontuan hartuta, Astillerok zortzi puntu eskuratu ditu, Zumaiak sei, Chapelak lau, eta Cabok bi. Beraz, datorren urtean Euskotrenen ariko da Astillero ere, Zumaiarekin batera.
Estropada amaitu berritan, Naroa Goikoetxea zumaiarren patroiaren adierazpenak jaso ditu ETBk: "Oso-oso pozik sentitzen naiz. Erreka batean beti oso zaila da arraun egitea, baina buruz indartsu atera gara. Saiatu naiz taldeari lasaitasuna transmititzen. Gure neskak makina batzuk dira; uda oso-oso gogorra izan da eta behar genuen halako zerbait. Kontxan ez zen posible izan, baina gaur lortu dugu. Garaipen hau eskaintzen diot taldeari, kanpoan gelditu direnei, eta etxekoei. Eskerrik asko, aita!".
Harrera egingo diete iluntzean
Denboraldi amaieran talde guztiek ohi duten bezala, zumaiarrek ere elkarrekin bazkalduko dute gaur, eta iluntzean, herritarrek merezitako harrera egingo diete. 19:00etan da hitzordua Kofradian.
2015ean jokatu zuen Euskotren ligan azkenekoz Zumaiak. Ondoren, trainerurik atera ezinda gelditu ziren, eta 2019an heldu zioten berriz lehiari, ETE ligan. Ordutik aritu dira Euskotren ligara igotzeko lehian, eta hainbatetan jokatu dituzte play-offak ere.