Gipuzkoako eta Euskadiko triatleten bilgune izango da bihar arratsaldez Zumaia. 17:15ean hasita, Zumaiako XVII. Triatloia jokatuko dute kostaldeko herrian. Aurten sprint distantzian bakarrik jokatuko dute proba. Izan ere, itsasgora aurten berandu egokitzen denez, horrek antolakuntzan sor ditzakeen arazoak ekidin nahian Zumaiako Triatloi Taldeak proba herrikoia ez antolatzeko erabakia hartu du.
Hala, parte hartzaileek 750 metro egingo dituzte korrika, hogei kilometro bizikletan eta azken bost kilometroak korrika. Proba emakumeen igeriketa saioarekin abiatuko da 17:15ean. Gizonak hamar minutu geroago aterako dira, 17:25ean. Arbustaingo arranplatik aterako dira kirolariak.
Triatletek egin beharko dituzten lanak hauek izango dira:
- Igeriketan (750 metro): Arbustaingo Arranplatik abiatuko dira. Errioan behera egin eta buelta emango dute Aita Mari jatetxe parean, eta ibaian gora eginda Gernika parkeko eskaileretatik aterako dira.
- Bizikletan (20 kilometro): Gernika parketik abiatu, eta saihesbidetik Kantera gaineko biribilgunera helduko dira. Han Oikiarako bidea hartuko dute eta behin Muniosorora helduta, Aizarnazabalera helduko dira. Han buelta eman eta Zumaiarako bidea hartuko dute errepide beretik.
- Korrika (5 kilometro): Gernika parkea Julio Beobide ibiltokia eta Itsas kiroldegi arteko zirkuitu urbano batean korrituko dute triatloiko azken proba.
Izen ematea itxita
Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak ere izango dira Zumaiakoa. Hala, federatutako triatletek bakarrik parte hartu ahal izango dute aurtengo hitzorduan, eta antolakuntzak azaldu duenez, izen ematea dagoeneko itxi dute. 293 triatleta izango dira Arranplako irteera puntuan, 220 gizon eta 73 emakume.
Probak eragina izango du Zumaia bertako eta eskualdeko errepideetako trafikoan. Lurraldebuseko Azkoitia-Zarautz autobus linean ere aldaketak eragingo ditu. 18:05ean Azoititik ateratzen den autobusak ez ditu geldialdirik egingo Aizarnazabalen, Oikian eta Meagan. Zerbitzua autobidez emango dute.