Bost lan mahai egingo dituzte 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 7a, 12:00

Udal teknikari eta ordezkariak, eta herriko eragileak, prozesuaren aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Prozesuaren barruan irailean egindako galdetegia 280 lagunek erantzun zuten. Datorren asteartetik aurrera osatuko dituzte lan mahaiak herriko eragileekin. 

Pasa den irailean abiatu zuen Zumaiako Udalak Zumaian euskararekin zer? prozesua. Ahize aholkularitza zerbitzuak gidatutako ekimen honen helburua datozen hamar urteetarako euskara plan berria osatzea da. 

Lehenbizi, prozesuko lehen pauso bezala, galdetegia zabaldu zuten herri mailan. Udalak azaldu duenez, 280 herritarrek erantzun dituzte galderak. Gainera, hainbat herritarri banakako elkarrizketak ere egin dizkiete.

Behin galdetegiaren fasea bukatuta, prozesuaren bigarren urratsari ekingo diote. Hala, bost lan mahai osatuko dituzte datorren asteartean hasi eta azaroaren erdi aldera arte, "Zumaian euskararen egungo egoera eta etorkizuna aztertzeko". Urriaren 15ean, 10:00etan, hezkuntza eta familia arloa landuko dute; urriaren 17an, 18:30ean, kirola; hilaren 28an, 18:00etan, kultura; urriaren 30ean, 14:00etan, arlo sozioekonomikoa; eta, amaitzeko, azaroaren 12an, 18:00etan, Oikiako saioa egingo dut. Oikiakoa izan ezik, beste saio guztiak Alondegiko Oxford aretoan egingo dituzte.

Saioak herritar orori daude zabalik, baina interesdunek aurrez izena eman beharko dute, hemen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide