Trenzubia berritzeko eta azpiegituran kaltetuta zeuden elementu batzuk aldatzeko lanak egin ditu Euskal Trenbide Sareak pasa den urteko uda hasieratik hona. Lan horiek direla eta, Trenbide pasealekuko zati bat, justu trenzubi azpitik pasatzen zen, itxita egon da oinezkoentzat zein bizikletan ibiltzen direnentzako. Bidean aurrera egin nahi bazuten, pasealekua utzi eta Egurko inguruko pabilioien artetik igaro behar izan dute hilabete luzez berriro pasealekura itzultzeko.
Duela pare bat aste iragarri zuen ETSk trenzubiko lanen amaieran, baina beste egun batzuk itxaron behar izan da ingurunea txukuntzeko. Hala, dagoeneko zabalik dago zubi azpitik pasatzen den pasealekuko zati bat.
Lanetan erabiliko zuten materialaren eramatea errazteko, arrapala bat egin zuten trenzubiaren inguruan. Arrapala hori bertan uzteko erabakia hartu du udalak. Aldapa erabilgarri badago ere, baranda datozen astetan jarriko dutela iragarri dute.