Atzo arratsaldean euriteak eta itsasgorak bat egin zuten, eta Zumaian hainbat kaletan potzu handiak sortu ziren. Baina ez ziren kalteak kalean bakarrik izan, Zumaiako anbulatorioa ere arratsaldean urez bete zen. Hala kontatu du Mari Jose Erkizia osasun etxeko administrazio arduradunak: "Zazpirak aldera garbitzaileak deitu zidan osasun zentroa urez bete zela esanaz, eta zentroko zuzendaritzakoei deitu nien, baita suhiltzaileei ere. Iluntzeko hamarrak inguruan ere oraindik anbulatoriotik ura ateratzen ari ziren suhiltzaileak".
Justu atzo hileroko materialaren eskaera iritsi zen anbulatoriora, eta materiala bere lekuan jarri gabe zutela adierazi du Erkiziak eta asko hondatu egin dela urak harrapatuta, baita ordenagailu batzuk ere. "Gaur goizean motobonbak-eta husten jardun dugu, baita hustubide guztiak garbitzen eta. Atzo urez bete zenean osasun etxea, gaurko hainbat gauza aurreikusi genituen, baina hala ere zer egin asko dugu dena bere onera ekartzeko", azaldu du Erkiziak.
Zumaiako osasun etxean ez da aurreneko aldia horrelako zerbait gertatzen dena, eta "nahiko aspertuta" daudela adierazi du Erkiziak: "Laugarren edota bosgarren aldia bada anbulatorioa urez betetzen dena".
Argazkiak: Sara Utrera eta Zumaiako Udaltzaingoa.