Maria Eugenia Arrizabalaga proposatu dute GBBko buru izateko

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 18a, 14:31

Maria Eugenia Arrizabalaga, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. (GBB)

Zenbait iturrik aurreratu dutenez, 33 urtez alderdiaren Gipuzkoako buru izan den Joseba Egibarrek ez du karguan jarraituko, eta politikari zumaiarra proposatu dute haren lekua hartzeko. 

Lurralde zuzendaritzak aukeratzeko barne prozesua abiatu du egunotan Eusko Alderdi Jeltzaleak. Araban eta Bizkaian aldaketak izango dituzte alderdiko zuzendaritzaren buruan; ez, ordea, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Gipuzkoako kasuan, zenbait iturrik aurreratu dute 33 urtez alderdiaren buru izan den Joseba Egibarrek ez duela karguan jarraituko. Haren lekua betetzeko Maria Eugenia Arrizabalaga proposatu du EAJko ildo ofizialak. 

Atzo ekin zioten zuzendaritza berriak aukeratzeko barne prozesuari, eta lurralde horietako buru berrien izenak azaroaren amaiera aldera jakingo direla aurreikusten da. 

Duela astebete iragarri zuen politikari zumaiarrak Eusko Legebiltzarrean zuen eserlekua utziko zuela Gipuzkoako Batzar Nagusietan –EAJren talde politikoko bozeramailea da– zentratzeko. Albistea jakitearekin batera zabaldu ziren Arrizabalaga GBBko buru berria izango zenaren zurrumurruak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide