Maria Eugenia Arrizabalaga da Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente berria

Julene Frantzesena 2024ko aza. 22a, 07:00

Joseba Egibar GBBko presidente ohia eta Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko presidente berria. (Gipuzkoako EAJ)

Lurralde Batzarrak atzo iluntzean izendatu zuen Arrizabalaga presidente. Politikari zumaiarrak Joseba Egibarren lekukoa hartuko du GBBren gidaritzan. Beste hamalau burukide izango ditu GBB berrituak; tartean da Edurne Egaña zumaiarra.

Gipuzkoako EAJren Lurralde Batzarrak atzo iluntzean izendatu zuen Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidente. Joseba Egibarren lekukoa hartuko du politikari zumaiarrak, eta GBB zuzenduko duen lehen emakumea izango da.

Beste hamalau burukide izango ditu GBB berrituak; horiek osatuko dute zumaiarrarekin batera Gipuzkoako EAJren zuzendaritza. Horietako bat izango da Edurne Egaña zumaiarra. Honako hauek dira, Arrizabalagaz eta Egañaz gain, GBB berrituko kideak: Itxaso Agirre, Jon Ander Azpiroz, Saioa Bandres, Juan Ramon Baztarrika, Ane Beitia, Edurne Egaña, Idoia Elorza, Mari Jose Etxegoien, Imanol Goenaga, Xabier Insausti, Imanol Lasa, Gorka Ocio, Jon Olano eta Olatz Peon. Horietatik zortzi lehen aldiz izango dira GBBko kide.

Euskadi Buru Batzarreko kidea da Arrizabalaga gaur egun, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramailea ere bai. Gainera, duela gutxira arte legebiltzarkidea izan da; 2009tik 2015era eta 2020tik joan zen urrira arte izan du eserlekua Eusko Legebiltzarrean. Halaber, Zumaiako alkate izan zen Arrizabalaga 2003-2007 agintaldian.

Atzo GBBko presidente izendatu berritan, alderdiak datozen lau urteetarako dituen erronkak izan zituen hizpide zumaiarrak. Besteren artean, "zabaltzen ari den populismo merkeari aurre" egin beharra dagoela azpimarratu zuen hark, eta esan zuen demokrazia indartzeko, euskal nazioa aldarrikatzeko, herria euskaraz eraikitzeko eta justizia soziala etengabe lantzeko egingo dutela lan.

Gipuzkoaren zerbitzura lan egingo dutela ere esan du hark: "Herri hau eraikitzen jarraitu beharra daukagu, etsi eta utzi gabe, gure ikuspegi abertzalea maila guztietan zabalduz, herria maitatuz, herritar guztiak errespetatuz eta herrigintza eraginkorra eginez, bai epe motzeko arazoei erantzunez, bai ikuspegi luzea edukiz, mutur bateko eta besteko sektarismoari langa jarriz". Euskarari eman dio, gainera, lehentasuna GBBko buru berriak: "Euskaraz egin behar dugu, euskara delako gure izaeraren zutabea, herritar berriek behar duten integraziorako helduleku zuzenena".

Gipuzkoako prozesua, eginda

Lurraldekako hauteskundeetako bigarren itzulia asteazkenean bukatu zen. Arrizabalagak lortu zuen garaipena, lurraldeko batzoki gehienetako botoak batuta. Gainera, bera izan da bigarren itzuliko hautagai bakarra; izan ere, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Imanol Lasa foru diputatu ohiak lehian jarraitzeari uko egin baitzioten.

Gainera, atzo Donostian egindako bilkuran Aberri Batzarrerako Gipuzkoako 25 ordezkariak ere izendatu zituzten, tartean Gipuzkoako Herrialde Epaitegiko hiru kideak ere bai.

Araban eta Bizkaian ere egin dute Herrialde Batzarrak berritzeko prozesua, eta presidente berriak larunbatean izendatuko dituzte: Iñigo Ansola izango da Bizkaiko burua eta Jone Berriozabal Arabakoa. Horiez gain, larunbatean izendatuko dituzte Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako presidenteak ere. Nafarroako EAJ gidatzen jarraituko du Unai Hualdek, barne prozesuan beste hautagairik ez delako egon.

Urtarrilaren 20tik aurrera jarraituko du EAJren biltzarrak berritzeko prozesuak. Hain zuzen ere, urte berriarekin hasiko dira alderdikideak Euskadi Buru Batzar osatuko duten ordezkariak hautatzen. Herrialde Batzarretako bost presidenteez gain –Bizkaikoa, Arabakoa, Gipuzkoakoa, Nafarroakoa eta Ipar Euskal Herrikoa–, beste zazpi kidek osatuko dute EBB.

Horri lotuta, ikusteko dago Andoni Ortuzar gaur egungo Euskadi Buru Batzarreko presidentea karguan jarraitzeko hautagai izango ote den.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide