Balenciaga ontziolako lan gatazka

Herri oso baten babesa jaso dute Balenciagako langileek

Aitziber Arzallus 2024ko aza. 29a, 20:29

LAB eta CCOO sindikatuen deiari erantzunez, mila lagunetik gora batu dira Balenciaga ez itxi lelopean gaur arratsaldean Zumaian egin duten manifestazioan. Ez dutela etsiko berresteaz gainera, erakunde publikoei auzian gehiago inplikatzeko eskatu diete langileek eta haiei babesa ematera bertaratu diren herritarrek. 

Garbi gelditu da Balenciaga ontziolako 71 langileek herritarren babesa badutela lantegiari zabalik eusteko borrokan. LAB eta CCOO sindikatuen deiari erantzunez, mila lagunetik gora batu dira Balenciaga ez itxi zioen pankartaren atzean, gaur arratsaldean Zumaian egin duten manifestazioan. 18:00etan lantegiaren paretik abiatutako mobilizazioa, ordubete geroago iritsi da Eusebio Gurrutxaga plazara, eta bidean isilune gutxi izan da. Ez dutela etsiko berresteaz gainera, erakunde publikoei auzian gehiago inplikatzeko eskatu diete langileek eta haiei babesa ematera bertaratu diren herritarrek.

Imanol Beloki Balenciagako langile batzordean LABek duen ordezkariak adierazi duenez, orain eztanda egin duen auzia ez da berria, aspalditik dator, baina langileak enpresarekin batera gauzak isilean eramaten saiatu dira kontuak ahalik eta ondoen joan zitezen. Azken asteotako gertakariak, baina, jokatzeko modua aldatzera bultzatu dituela esan du. "Ikusi dugu gauzak ez doazela aurrera, hartzekodunen lehiaketan sartu gara, eta aste honetan hartu dugu erabakia gure egoera ikusgarri egiteko eta gure kezka eta aldarrikapena zabaltzeko". Horrexegatik dei egin zuten mobilizatzera ere.

Aste honetan hainbat erakunde publiko eta alderdi politikorekin bildu dira Balenciagako langileen ordezkariak, eta bilera horiek "ondo" joan direla esan du Belokik. "Denek adierazi digute ulertzen dutela gure egoera eta saiatzen ari direla arazoari konponbidea ematen, eta elkarlanean ari direla gainera. Ondo iruditzen zaigu hori, guk ere uste genuen gure enpresako zuzendaritzaren negoziazioak bide horretatik zihoazela, baina konturatu gara hor badaudela arazo potolo batzuk, batez ere zor publikoarekin, eta hori deigarria da baita ere".

Babesa ematea eta gauzak konpontzeko borondatea izatea ontzat jo ditu LABen ordezkariak, baina auzian inplikazio handiagoa eskatu die alde guztiei. "Inplikazio handiagoa eskatzen diegu denei, denbora bukatzen ari baitzaigu. Enpresa bideragarria da, ez bakarrik guk esaten dugulako, hori esan du epaile batek ere, baina gobernu ezberdinak daude tartean eta...". Langileen hitza kontuan hartzeko eskatu du Belokik. "Uste dugu kontuan hartu behar gaituztela, ahalegin handiak egin ditugulako gure lanpostuei eta lan baldintzei eusteko eta enpresa bera aurrera ateratzeko, itsasontzi bukaera askotan sosik kobratu gabe jardun izan garelako lanean, eta hori egin izan dugu sinesten dugulako gure lanpostuen eta enpresaren bideragarritasunean".

(Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide