Hamaika argi gure euskarari liburua argitaratu berri du Imanol Azkuek Baleike kultur elkartearen eskutik. 1766tik 1966ra arteko euskararen historia soziala aztertu zuen Azkuek 2018tik 2020ra artean, eta han jasotako eduki batzuk gero Baleike aldizkarian argitaratu zituen. Testu haiek liburu formatura eraman ditu orain. Libururako ilustrazioak egin dituen Daniel Carballo ere elkarrizketatu du aldizkariak.
Aurten 50 urte bete dira Luis Mari Alberdi zumaiarrak palako Munduko txapelketa irabazi zuenetik. Orduko oroitzapenak eskaini ditu Alberdik aldizkarirako emandako elkarrizketan. Garazi Etxaburu dantzaria da Hitz tantak ataleko protagonista, eta Jose Mari Caballero garagardogilea Erretratukoa.
Hori guztia eta gehiago, abenduko Zumaia Guka aldizkarian.
Bakideek etxean jasoko dute, eta gainerakoek, ohiko salmenta puntuetan eskuratu ahal izango dute: A3 inprimategian, Aizpurua liburu dendan, Mandalan, Agurtzane okindegian, Arkupe okindegian eta Ogi Berri Amaia plazan.