Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciaga berfinantzatzeko plana onar dezala eskatu dio Senatuak Espainiako Gobernuari

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 12a, 09:00

Carlos Cuerpo ministroa eta Luke Uribe-Etxebarria EAJko senataria. (EAJ)

EAJk ontziolaren berregituraketa eta birfinantzaketa plana babestea eta Cofides-ek hori onartzea eskatu dio Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioari. Senatuan aurkeztutako mozioaren aldeko boza eman dute erakunde horretan ordezkatuta dauden alderdi guztiek, PSOEk izan ezik.

Kongresuan bezala, Espainiako Senatuan ere aztertu dute Balenciaga ontziolaren auzia. Atzo arratsaldez egin zuten saioan EAJk aurkeztutako mozioa izan zuten aztergai. Proposamen haren bidez, Zumaiako Balenciaga ontziolaren berregituraketa eta birfinantzaketa plana babestea eta Cofidesek hori onartzea –ontziolaren hartzekodun nagusia da– eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioari.

Luke Uribe-Etxebarria senatariak gogoratu zuenez, Balenciagaren berregituratze planak epaileen eta hartzekodunen gehiengoaren bermea du. Gainera, hark zaldu zuen Zumaiako ontziolak baduela "itxiera saihesteko eta bere jarduerarekin jarraitzeko" adinako lan karga, eta enpresak behar duen bakarra "finantzaketa baldintza minimo" batzuk direla adierazi du, "berregituraketa eta birfinantzaketa planean zehazten direnak". Hori horrela, senatariak Espainiako Gobernuko Carlos Cuerpo ministroari esan zion ez zirudiela arrazoizkoa Cofides enpresak emandako partaidetza mailegua Estatuari itzultzeko epeetan eta hori egiteko moduan izandako desadostasun hutsagatik Balentziaga ontziola ixtea.

EAJk Senatuko Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Batzordean aurkeztutako proposamenak erakunde horretan ordezkatuta dauden talde guztien babesa jaso zuen, PSOErena izan ezik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide