Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciagako langileen batzordeak lan mahaia eratu du instituzioetako ordezkariekin eta enpresako zuzendaritzarekin

Maria Maya Manterola 2024ko abe. 13a, 12:49

Lantegiaren parean gaur goizean egindako prentsaurrekoko irudi bat. (Maria Maya Manterola)

Ontziola irekita mantentzeko bide bateratua egiteko helburuarekin bilduko dira langileen ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Zumaiako Udala eta enpresako zuzendaritza. Instituzio horiek "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko "lehen urratsa" eman izana txalotu dute. Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioaren erantzunik ez dute jaso, eta lan mahaian parte hartzea birpentsatzeko eskatu diote langileek. 

Balenciaga ontziolako langile batzordeko kideek jakinarazi dute zer instituziotako ordezkariak bilduko diren ontziola irekita mantentzea helburu duen lan mahaian. Zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Zumaiako Udala eta enpresako zuzendaritza elkartuko dira aurrerantzean ontziola martxan jartzeko eta balizko eroslearen solaskide izateko xedez. Duela astebete egin zioten eskaera erakunde horiei, eta gaur eman dute jasotako erantzunaren berri, lantegiaren parean egindako prentsaurrekoan.

Erakunde horien erabakia txalotu dute langileek, "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko "lehen urratsa" emateagatik. Era berean, haserrea adierazi dute Madrilgo Gobernuarekiko: "Cofidesek eta Gobernu Ordezkaritzak ez dute gure eskaera erantzun. Balenciaga eta gure lanpostuak mantentzeko funtsezkoak direla kontuan hartuta, tamalgarria dela azpimarratu beharra daukagu". Beren erabakia birpentsatu dezaten eskatu diote langileek Espainiako Gobernuari, eta aipatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren "parte ere baden" PSOEren menpe dagoela Ekonomia Ministerioa. Espainiako Gobernuak mahaian parte hartu dezan exijitzeko, elkarretaratzea egingo dute beharginek abenduaren 18an Donostian, Gobernu Ordezkaritzaren parean. 

Bilera sorta politikariekin

Enpresaren jarraikortasuna bermatzeko, instituzioen babesa bakarrik ez, alderdi politikoena ere jaso nahi dute langileek, eta aurki hasiko dira horietako ordezkariekin biltzen. Horretarako, manifestu bat prestatu dute, eta adierazi dute "laster" jakinaraziko dutela zer alderdi politikoren babesa jaso duen idatziak. Eusko Legebiltzarreko Industria batzordearekin ere elkartu nahiko lukete langileek, eta eskaera egin dute dagoeneko. Elkartzerako, "alderdi politiko guztien babesa" jaso izana espero dute.

Beste behin ere, Balenciaga lantegiaren jarduna bideragarria dela azpimarratu dute, eta esan dute borrokan jarraituko dutela martxan jarri arte. Izan ere, duela hiru aste mobilizazioak hasi zituzteneko egoera berean jarraitzen dute langileek: aldi baterako enplegua erregulatzeko txostena indarrean, soldatarik kobratu gabe eta kontratatuta dauden bi ontziak eraikitzen hasi gabe.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide