Balenciaga ontziolako lan gatazka

Ekonomia Ministerioak instituzioen arteko bilera egiteko konpromisoa hartu duela iragarri du Zumaiako alkateak

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 13a, 15:40

Langileak pankartak jartzen herriko kaleetan. (@AB_EZ_ITXI)

Espainiako Ekonomia Ministerioarekin harremanetan jarri dela adierazi du Iñaki Ostolaza alkateak sare sozialetan, eta hurrengo egunetarako instituzioen arteko bilera adostu dutela iragarri du. 

Zumaiako Balenciaga ontziola zabalik mantendu ahal izateko ezinbestekoa da Cofides enpresa publiko-pribatuak bere postura aldatzea. Espainiako Ekonomia Ministerioak partaidetza du ontziolaren hartzekodun nagusia den funts hartan, eta aipatu ministeriora jarri dute mira Euskal Herriko instituzioek, alderdi politikoek eta Balenciagako enpresa batzordeak. Pasa den asteazkenean bai EH Bilduk bai EAJ-k eskatu zioten Carlos Cuerpo ministroari Cofidesen portura aldatzeko batetik, eta enpresaren birfinantzazio plana onartu dezala bestetik.

Langileek gaur eman duten prentsaurrekoan adierazi dute instituzioekin eta enpresarekin lan mahaia eratzeko akordio batera heldu direla, baita Ekonomia Ministerioaren erantzunik ez dutela jaso. Gaur bertan, ordea, Iñaki Ostolaza alkateak sare sozialen bidez iragarri du Ministerioarekin harremanetan jarri dela eta instituzioen bilera bat egitea adostu dutela. Beti ere alkatearen hitzetan, bilera hori hurrengo egunetan egingo litzateke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide