Espainiako boxeo txapelketan aritzea "esperientzia aberasgarri" gisa jo du Zumaia Cuban Boxingeko zuzendariak

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 13a, 14:44

Ruben Arredondo, ezkerrean, Eliezer eta Jared Chavarriarekin. (Zumaia Cuban Boxing)

Zumaia Cuban Boxing klubeko Eliezer Chavarria eta Jared Chavarria Espainiako boxeo txapelketan lehiatu dira Euskadiko selekzioarekin. Biak ere final laurdenetan kanporatu zituzten gerora urrezko dominak irabaziko zituzten boxeolariek.

"Esperientzia aberasgarri" gisa definitu du Zumaia Cuban Boxing klubeko entrenatzaile eta buru Ruben Arredondok bere bi boxeolari Espainiako boxeo txapelketan aritu izana. Eliezer Chavarria 75 kiloko kategorian lehiatu zen eta anaia Jared Chavarria 63,5 kilokoan, Euskadiko selekziokoarekin. Biak ere txapelketako final laurdenetan kanporatu zituzten gerora kategoria horietan urrezko dominak irabaziko zituzten borrokalariek. 

"Biek ere oso borrokaldi onak egin zituzten, baina ezin izan zituzten garaipenak erdietsi. Hala ere, egindako lanarekin oso pozik nago", azaldu du Arredondok. Gogoratu du Euskadiko selekzioak hiru domina lortu dituela txapelketa honetan: urrezko bat eta brontzezko bi.

Larunbatean Leioan

Jared Chavarriak borrokaldia izango du bihar Leioan (Bizkaia), eta Euskadiko txapeldunordea izango du aurkari ringean. "Dagoeneko bitan lehiatu dira biak. Lehenbizikoan Jaredek lortu zuen garaipena, Euskadiko txapelketan; bigarrengoan, aldiz, Open Bizkaian, galdu egin zuen zalantza askoko borrokaldi berdindu batean".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide