Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciagako lan gatazkarentzat irtenbide "orokorra eta eraginkorra" bilatzeko konpromisoa berretsi dute aldeek

Julene Frantzesena 2024ko abe. 20a, 10:55

Balenciaga ontziola.

Erakundeetako ordezkariek, tartean Espainiako Gobernuko ordezkariek, eta ontziolako langileen batzordeko kideek egin zuten bilera Zumaian, lan gatazkarentzat irtenbide "orokorra eta eraginkorra" bilatzeko. Lanean "modu diskretuan" segituko dutela ere jakinarazi dute. 

Erakundeetako ordezkariek eta Balenciaga ontziolako enpresa batzordeko kideek bilera egin zuten atzo Zumaian, herri horretan kokatuta dagoen eta hartzekodunen lehiaketan sartuta den lantegiari aterabidea emateko helburuz. Hain zuzen, asteazkenean jakinarazi zuen Donostiako epaitegiak zer administratzaile arduratuko den hartzekodunen lehiaketaz.

Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Espainiako Gobernuaren Ekonomia Ministerioko, Zumaiako Udaleko kideek eta enpresako langileen ordezkariek egin zuten bilera, lan gatazkarentzat irtenbide "orokorra eta eraginkorra" bilatzeko. Jaurlaritzako iturriek hitzorduaren ostean esandakoaren arabera, mahaiaren bueltan bildutako ordezkari guztiek berretsi dute egoera iraultzeko "bat eginik eta konprometituta" daudela.

Halaber, enpresaren etorkizuna bermatzeko kudeatzaile berri baten beharra dagoela eta jarduera bultzatuko duen inbertsiogile bat behar dela azpimarratu dute. Gainera, lanean "modu diskretuan" segituko dutela ere jakinarazi dute.

Balenciaga ontziolaren egoerari irtenbidea emateko erakundeek eta enpresa batzordeak egin zuten bigarren bilera izan zen atzokoa; asteazkenean egin zuten aurrena, telematikoki. Dena den, lehen aldiz parte hartu zuten atzoko bilkuran Espainiako Gobernuko ordezkariek. Eta Espainiako Gobernuak paper garrantzitsua izan dezake konponbideari begira; izan ere, Balenciagaren hartzekodun nagusia den Cofides funtsaren parte da erakunde hori eta Cofidesek jarrera baldintzatu dezake.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide