Azaroaren amaieran jakin zen Balenciaga ontziola hartzekodunen lehiaketan sartuko zela, enpresaren hartzekodun nagusia den Cofides funts publiko-pribatuak ontziolaren berregituratze planari ezezkoa eman ondoren. Erabaki hura hartu eta berehala, enpresako langileek mobilizazioak hasi zituzten Balenciagaren etorkizuna bermatzea eskatzeko.
Lan gatazkak bizirik jarraitzen du, eta hartzekodunen lehiaketako administratzailea zein izango zen jakitea falta zen. Donostiako Merkataritza arloko epaitegiak joan zen ostiralean jakinarazi zien prozesuaren parte diren aldeei nork gidatuko duen aurrerantzean hartzekodunen lehiaketa. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, PFK Attest Servicios Empresariales S.L. etxea izango da Balenciagaren hartzekodunen lehiaketaren administratzailea. Enpresa horrek Donostian du egoitza.
Ontziolako hartzekodunak administratzailearekin harremanetan jarri beharko dira epe laburrean, enpresak dituen zorren berri emateko. Epaitegiaren erabakia iragarri zutenetik –abenduaren 13an argitaratu zuten erabakia– hilabeteko epea izango dute horretarako.
Mugimenduak enpresa zabalik mantentzeko
Bien bitartean, eenpresa zabalik mantentzeko mugimenduak egiten ari dira aldeak. Langileen batzordeak, enpresak berak eta instituzioek lan mahai bat eratuko dutela iragarri zuten langileek pasa den ostiralean egindako prentsaurrekoan. Egun hartan bertan, Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak sare sozialen bidez jakinarazi zuen Espainiako Gobernuko Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioak instituzioen arteko bilera batean parte hartzeko konpromisoa hartu zuela. Kontuan hartu behar da Balenciagaren hartzekodun nagusia den Cofidesen parte dela ministerio hori; beraz, Cofidesen jarrera aldaketa gauzatzeko giltza izan daiteke Carlos Cuerpo buru duen ministerioa, beti ere enpresa martxan jarraitzea nahi baldin badu.
Langileek, beren aldetik, Balenciaga zabalik mantentzeko ekintzekin jarraitzen dute. Gaur bertan, 10:00etan, Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean elkarretaratuko dira, Donostian, beren lanpostuen defentsan.